Beste urrats bat prestakuntzan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko abe. 9a, 19:00
Donostiako belodromoan jokatzen ari dira pistako probak.

Neguan ereindakoa udaran jasoko den uzta izango delakoan, pista eta ziklo kros denboraldietan murgilduta dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak.

Pistan datorren denboraldian taldeko izango diren Aratz Unanuek eta Kepa Kortak B txandako kanporaketan egindako lasterketa nabarmentzekoa izan zen, aurrena eta bigarren sailkatu baitziren, azken itzulian biak bakarrik gelditu ostean. Oro har, jardunaldi ona osatu zuten Viveros San Anton-Exclusivas Mardukoek, lasterketak gainera oso oso azkarrak izan ziren. Kadeteen mailan, tenpon, batez besteko abiadura 46’3 kilometro ordukoa izan zen. Hori adibideetako bat. 

Tenpon Iker Eizagirre 14. izan zen eta Beñat Sainz 15. B txandan, taldeko onena Peru Calvo izan zen; 7. sailkatu zen, Kepa Korta 10. eta Aratz Unanue 11. Kanporaketan, Beñat Sainz eta Iker Eizagirre bikain defendatu ziren eta azken txanpara arte eutsi zioten. Hor 10 itzuliren faltan erorikoa izan zen; eskapada latza egin zuten Viveros San Anton-Exclusivas Marduko biek eta hortik aurrera kosta zitzaien zentratzea. Iker Eizagirre 8. sailkatu zen eta Beñat Sainz 5. B txandan, lehen aipatu bezala, Korta eta Unanue luzitu ziren, aurkariak kanporatzen joan eta azken itzulira biak bakarrik ailegatuz. Garaipena Aratz Unanuek ospatu zuen eta Kepa Korta bigarrena izan zen; Peru Calvok 17. sailkatzea lortu zuen. 

Emaitza hauekin sailkapen nagusian, lau jardunaldi osatuta eta 84 txirrindulari kadeteren artean, Beñat Sainz 6.a da, Iker Eizagirre 16.a, Aratz Unanue 20.a, Kepa Korta 22.a, Oñatz Etxabe 34.a eta Peru Calvo 39.a.

Honek esan nahi du bosgarren jardunaldian A txandan lehiatuko direla Sainz, Eizagirre, Unanue eta Korta, eta B txandan Etxabe eta Calvo. Oñatz Etxabe, sendatuta, larunbatean lehiatzeko moduan izango da, baita Lizar Tolosa junior mailan ere. Gaixotasunagatik eta ikas bidaiagatik bi jardunaldi galdu ditu Lizar Tolosak eta sailkapen nagusian atzera egin du: 30. tokian da eta B txandan lehiatuko da abenduaren 10eko jardunaldian.

Eneko Aranguren Urdiainen jokatutako ziklo kros lasterketan. (Martin Early)
Beste top 10 bat

Ziklo krosean beste top 10 bat lortu du Eneko Arangurenek. Igandean Urdiainen 9. sailkatu zen; bezperan 17.a izan zen elur bustitan eta hotz ikaragarriaz jokatutako Zuia-Ametzagako lasterketan. Azken honetan Mattin Salegik ere parte hartu zuen eta 29. postuan sailkatu zen. 

Asteburu honetan ere bi ziklo kros lasterketa izango dira: larunbatean Seguran eta igandean Igorren. Eneko Aranguren bietan izango da, Mattin Salegi Seguran bakarrik.