Pistan hastera doaz Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko aza. 11a, 17:30

Bihar 15:00etan hasiko da pistako denboraldia Euskal Herrian, eta bertan ekingo diote denboraldiari Viveros San Anton-Exclusivas Marduko hainbat txirrindularik.

Junior mailan Lizar Tolosa ariko da, eta kadete mailan, Beñat Sainz, Iker Eizagirre, Oñatz Etxabe eta Peru Calvo (azken biak infantil mailatik kadete mailara igo diren txirrindulariak dira). Kepa Korta eta Aratz Olaizola zestoarrek ere pistako denboraldia hasiko dute, baina abenduaren 31ra arte aurreko koloreak defendatuz (Atracciones Sanz).

Bederatzi jardunaldi puntuagarri izango dira Gipuzkoako pistako challengean. Oso jendetsuak izango dira, 102 txirrindulari izango baitira lehen jardunaldian, horietako 60 kadete mailan; leihakortasun handia izango da Gipuzkoako txirrindulariek bakarrik ez, beste lurraldeetakoek parte hartuko baitute.

Igandean, elkarteko txikienek Zarautzen izango dute jardunaldi teknikoa, pista zertan datzan ikasteko. Lau txirrindulari izango dira Zumaia ordezkatuz: bi kimuak, Inge zumeta eta Oinatz Alberdi; eta bi infantil mailakoak, Laia Zumeta eta Borja Osa.

Ziklo krosean beren bidean segitzen dute Mattin Salegik eta Eneko Arangurenek. Aurreko asteburuan ez zituzten lasterketa onak izan, baina denboraldiaren hastapenetan ezin gehiago eskatu jubenil hauei beraien helburu nagusiak otsailean hasiko den errepideko denboraldian jarrita dituztenean. Asteburu honetan Zornotzan dute hitzordua, eta datorren astean Gipuzkoako selekzioarekin Alkobendaseko lasterketan izango da Eneko Aranguren.