Viveros San Anton-Exclusivas Mardu martxan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko aza. 4a, 10:00

Nagiak kentzen hasi dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak. Errepideko denboraldira sasoiko ailegatzeko entrenamenduak hasi dituzte, baita ziklo-kros lasterketak ere, eta aurki pistako denboraldia hasiko dute. Familia dezente handitu da, gainera. Beraz, guztien gogoak batuta, eztanda egingo du motibazioak.

Lehenengoz benjaminak ere izango ditugu taldean eta hauek, kimuek eta infantilek, hastapen jardunaldia izan zuten urrian, Tolosan, eta horren ondoren ziklo-kros lasterketa urriaren 30ean Legazpin. Zumaiako Txirrindulari Elkarteko hiru mutiko bertaratu ziren, eta hirurak azken lasterketarako sailkatu ziren: kimuetan Haize Buforn, eta infantiletan Amets Laberdi eta Borja Osa. Txanda bakoitzetik hamabi sailkatu ziren azken lasterketarako; hor nabarmendu, infantiletan urratsa eman eta lehen ziklo-kros lasterketan Borja Osa seigarren sailkatu zela.

Toki berean, azaroaren 1ean, kadeteek eta jubenilek izan zuten ziklo-kros lasterketa. Bertan, kadeteetan, Danel Beristain 32. sailkatu zen, ondo hasi eta erorikoak izan ondoren, lehen postuetatik atzeratu ostean. Beristainek lehenengo lasterketa zuen diziplina honetan, ziklo-krosa ere probatu nahi baitzuen, eta alde horretatik helburua bete du.

Junior mailan, ziklo-kros denboraldia osatuko duten Mattin Salegi eta Eneko Aranguren aritu ziren. Salegik, Villarcayo eta Messina de Pomarren korritu ondoren, Legazpin 17. sailkatzea lortu zuen matxura ugari izan ostean. Arangurenek indartsu ekin dio ziklo-kros denboraldiari; Berrizen atzetik aurrera egin eta bederatzigarren sailkatu zen; Legazpin aurre-aurrean hasi zuen lasterketa, podiumerako borrokan ibili zen eta azkenean ohorezko laugarrren postuan helmugaratu zen lan on bat biribilduz denboraldiko bigarren hestualdian.

Urtarrilera bitartean astero izango dira ziklo-kros lasterketak Euskal Herrian barrena. Datorren astean, berriz, pistako denboraldia hasiko da. Kadeteetan, bertan parte hartuko dute Beñat Sainzek, Iker Eizagirrek, Jon Berasategik, Jon Casalsek, Kepa Kortak, Aratz Unanuek, Oinatz Etxabek eta Peru Calvok; jubeniletan, berriz, Andde Etxanizek, Aritz Aranberrik eta Lizar Tolosak.