Adur Tapia, selekzioko onena

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko abu. 19a, 09:22

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Adur Tapia txirrindularia Frantzian lehiatu da Gipuzkoako Selekzioarekin. Talde indartsua –Yago Agirre Espainiako txapelduna barne– osatu zuen Gorka Agirre hautatzaileak eta maila onean lehiatu dira Frantzian, Ronde de Valles itzulian. 

Lehen etapan Adur Tapia multzo nagusian helmugaratu zen; erlojuaren aurkakoan denbora galdu zuen bizikletan arazoak izan ondoren: bederatzi kilometroko ibilbidea atzeko gurpilak frenatzen ziola osatu zuen; hirugarren etapan ikusi zen Tapia sailkapen nagusia lehiatzeko zegoela nahiz eta goizeko egoerak eragina izan hanketan. Hautatuen multzoan helmugaratu zen, 18. sailkatuz nazioarteko lasterketan, eta azkenean 21. postu batekin konformatu behar izan zuen sailkapen nagusian. Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu dituen lasterketa guztietan asko asko ikasi du Tapiak, UCI mailako lasterketa garrantzitsuak izan dira parte hartutakoak eta horrek etorkizunerako asko balio du.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko beste juniorrek Euskal Herria torneoa bukatu zuten Villatuertan. Bero ikaragarripean korritu zuten eta Andde Etxanizek hasieratik oso sentsazio txarrak izan zituen eta lasterketatik kanpo gelditu zen nahiko goiz; Eneko Aranguren eta Mattin Etxaniz pelotoian helmugaratu ziren: Eneko Aranguren 17. sailkatu zen eta 37. Mattin Salegi. Lasterketa oso gogorra izan zen Villatuertakoa. Honenbestez amaitu da Euskal Herria Torneoa eta bertan Mikel Uncilla izan da garailea, eta Adur Tapia, nahiz eta selekzioarekin aritu delako hiru lasterketetan huts egin, azkenean ohorezko 11. postuan amaitu du. Lehen urteko txirrindularia izanik, balio handiko postua lortu du, non erregulartasuna saritzen den. Asteburuan Astigarragan izango dute lasterketa juniorrek eta asteazkenean Digaztelun. 

Kadeteek, berriz, Antzinen leihatu ziren igandean eta Danel Beristainek bederatzigarren bukatu zuen gorantzako joera zuen esprina. Beñat Sainz ere pelotoi nagusian sartu zen; 21.a izan zen. Iker Eizagirrek eta Lizar Tolosak ere karrera amaitzea lortu zuten gogotik sufritu ondoren: 34.a izan zen Iker Eizagirre eta 44. Lizar Tolosa, lasterketako “faroltxo gorria”. Kadeteek datorren astean Murietan dute karrera.