Iruñerriko Itzuli bikaina Viveros San Anton-Exclusivas Marduk

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko abu. 5a, 13:31

Denetarik izan duten lau etapak osatu dute Iruñerriko Itzulia: mendateak, alboko haizea, abaniko edo haize babesak, bide estuak, pelotoi handia (199 txirrindulari)... Ziklismoa zer den ikasteko oso aberatsa izan da Iruñerriko Itzulia eta ikasi denari emaitzak batu behar zaizkio. Beraz, azterketa nota oso onarekin gainditu dute lehen urteko lau jubenilek.

199 txirrindularik hasi eta sailkapen nagusia 79k bakarrik osatu dute. Egun batean bukatu ez arren parte hartu zenezakeen hurrengo etapan baina sailkapen nagusirako puntuatu gabe.

Adur Tapia bederatzigarren izan da azken sailkapenean, Eneko Aranguren 45, eta Mattin Salegi 77. Taldeka, parte hartu duten 33 taldeetatik Viveros San Anton 15.a izan da bukaeran, baina jubenil hauen alde esan behar da beraien aurretik sailkatutako talde guztiak zazpi kidez ostatuak izan direla; Viveros San Anton-Exclusivas Marduk lau txirrindulari eraman ditu, eta laurak lehen urteko juniorrak.

Lehen etapa haizetsua izan zen eta haize babes edo abaniko eguna izan zen; eroriko ugari ere bai baina Zumaiako T.E.ko zikistek eguna txukun salbatu zuten; Andde Etxaniz gelditu zen jokoz kanpo. Bigarren etapa, Otxagabian, menditsua eta haizetsua gertatu zen. Lasterketa hasi eta lehen mailako Laza mendateari aurre egin behar izan zioten. Igoeraren hasieran, zortzigarren kilometroan, Adur Tapiak atzeko gurpila hautsi zuen. Aldatu eta gero, Andde Etxanizek lan eskerga egin zuen taldekidearen alde. 30. kilometroan pelotoian sartu eta Mattin Salegi izan zen pelotoi burura eraman zuena. Hor eguneko bigarren lehen mailako mendatea zetorren eta hortik aurrera Adur Tapia onenekin lehiatzeko moduan izan zen. Azken 25 kilometroetan pelotoia zatituta joan zen: Tapia lehenengo multzoan, Aranguren bigarrenean eta Salegi eta Etxaniz hirugarrenean heldu ziren.

Hirugarren etapa gorabeheratsua izan zen, etaparik gogorrena. Madozko lehen mailako mendatean Martin Salegik kanbioekin arazoak izan zituen, eta bizikleta aldatu behar izan zuen, oso une txarrean. Hala ere, kemena eta indarra izan zuen lehiatzeko eta etapa ondo bukatzeko. Adur Tapia behin eta berriz saiatu zen lasterketa buruan eta azkenean bederatzigarren amaitu zuen etapa. Eneko Aranguren lehen pelotoian helmugaratu zen eta Etxaniz eta Salegi ondoren. Adur Tapiari saiatuenaren saria eta mailota eman zizkioten.

Azken etapan taldeak lortu duen heldutasuna erakutsi zuen. Etapak 113 kilometro zituen eta gorabeheratsua zen, haizeak ere albotik jo zuen zenbait unetan eta sailkapen nagusia zegoen moduan, urrutitik ahalegintzea erabaki zen. Lasterketa hasi eta berehala zortziko ihesaldia gorpuztu zen eta bertan Eneko Aranguren sartu zen; atzetik, 26. kilometroan, lehen mendatean, Adur Tapiak aurrera egin zuen ihesi zihoazenekin bat eginez. Elkar ondo hartu eta minutu bateko tartea ireki zuten. Liderra larri, Andde Etxaniz eta Mattin Salegi pelotoian embarazo egiten aritu ziren, aurrean Tapia eta Aranguren itsu orduan itzuliaren bila. Azkenean, 18 kilometroren faltan liderraren pelotoiak harrapatu zituen ihesaldian ziren txirrindulariak. Viveros San Anton-Exclusivas Marduk egindako lana ez zen oharkabean pasa, lau txirrindulari gazte gogotsu lasterketa hankaz gora jartzeko zorian izan baitziren.

Adur Tapiak bederatzigarren amaitu du Iruñerriko Itzulia eta protagonista izan da, baina ezinbestekoa izan da Eneko Arangurenek, Mattin Salegik eta Andde Etxanizek egindako lana emaitza hori lortzeko. Laukotea zoriontzea besterik ez da gelditzen. 50 gipuzkoar izango ziren itzulian eta gipuzkoarrik onena Tapia izan da.

Taldearen hurrengo helburu garrantzitsua irailaren 4ko Beasaingo Klasikoa izango da non Espainiako rankineko hamar talderik onenek parte hartuko duten euskal txirrindulariekin batera. Aurretik, igandean, Sodupen Euskal Herria torneoko lasterketa dute. Adur Tapiak datorren astean Frantzian korrituko du Gipuzkoako selekzioarekin. Denboraldiaren azken txanpa hastera doa!