Adur Tapia, onenekin Arantzazun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko uzt. 22a, 09:25

40 graduko tenperatura, eta neurriak hartu zituen antolakuntzak. Baina, hala ere, baldintzak gogorrak ziren eta lasterketa, murriztuta izan bazen ere, jokatu zen. 

Ia 80 txirrindulari irteeran eta Oñatitik Osintxura arteko joan-etorria osatuta, ziklistek Arantzazuko igoerari ekin zioten. Igoera hasi aurretik ihesaldia antolatu zen eta bertan sartu zen Andde Etxaniz. Viveros San Anton-Exclusivas Marduk talde lan bikaina egin zuen: Andde Etxaniz aurretik izateak lagundu zien Eneko Arangureni eta Mattin Etxanizi Adur Tapia babesten. Anddek aurrekoekin harremana eten zuenean igoerako lehen zatian, lana egin zuen Adur Tapia ondo kokatuta uzteko. 

Horrelako igoera batean txirrindularien arteko buruz buruko lehia izaten da eta halaxe gertatu zen; hiru kilometroren faltan lasterketa buruan hiru txirrindulari gelditu ziren eta beraien artean jokatu zen lasterketa; Mikel Uncilla nafarrak irabazi zuen –Espainiako txapeldunordea da– , bigarren Ronan Auge –Nanteskoa, Frantziako selekzioko kidea– sailkatu zen eta hirugarren Adur Tapia, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldekoa. Taldeak bere osotasunean denboraldiko lasterketarik borobilena egin zuen eta taldekako sailkapenean Ipar Euskal Herriko selekzioaren atzetik bigarren izan zen Zumaiakoa. Adur Eneko Aranguren 17., Mattin Salegi 22. eta Andde Etxaniz 40.  sailkatu ziren.

Larunbat arratsaldean jokatu baldin bazen Arantzazuko junior mailako igoera, goizean Ordizian kadeteek Chapel Gorri saria jokatu zuten. Bero ikaragarria egin zien eta amaieran Amezketatik Abaltzisketara igo ziren. Maldak eta beroak Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak ito zituen. Iker Eizagirre lasterketa hasieran izandako matxura batek jokuz kanpo utzi zuen, Danel Beristain 29.a izan zen eta Lizar Tolosak lasterketa bukatu zuen, beretzat lorpen ikaragarria izanik hau, arazo asko bait itu helburu hori lortzeko; Ordizian lortu zuen, 69.a izanik.

Igandean taldekako erlojuaren aurkako txapelketak jokatzekoak ziren Legorretan baina beroagatik bertan behera gelditu ziren, txirrindularien osasunari lehentasuna emanez.

Santiago egunaren bezperan, igandean, uztailak 24 kadeteek Azpeitian dute Gipuzkoako egutegiko azken lasterketa. 147 txirrindulari daude izena emanda eta bertan lehiatuko dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko kadeteak. Lasterketaren ibilbideak badu gainzailtasun bat: Etumetako igoera; hortxe erabakiko da lasterketa.

Jubenilek hilaren 26tik 29ra Iruñerriko itzulia jokatuko dute. Lau etapa gogor izango dira, ibilbide gorabeheratsuekin eta beroarekin, baina lasterketa on bat egiteko helburuarekin eta sailkapen nagusia lehiatzeko asmoarekin arituko dira Zumaiakoak, nahiz eta lau kide bakarrik izan prest: Adur Tapia, Mattin Salegi , Andde Etxaniz eta Eneko Aranguren.