Danel Beristain podiumean Zestoan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko uzt. 15a, 18:00

Denboraldiko lasterketarik onena egin eta hirugarren sailkatu zen Gurutzeaga Sarian, Zestoan, Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Danel Beristain. 

Hiru zakila bira zituen ibilbideak eta bederatzi txirrindulariz osatutako ihesaldia antolatu zen lehenengoa osatzean. Bederatzi txirrindulariak kadete mailako onenetakoak zirenez, ihesaldia balekoa zela berehala ikusi zen eta halaxe izan zen: beraien artean jokatu zuten lasterketa, garaipena Iker Vilar nafarrak lortuaz. 

Eñaut Urkaregiren ondoren hirugarrena izan zen Danel Beristain, erakutsiz oraintxe dagoela sasoirik onenean eta lasterketetan garaipenaren borrokan sartzeko moduan dela. Iker Eizagirre 47. izan zen; Lizar Tolosak ez zuen lasterketa bukatu: pena Beñat Sainzen erorikoa, amaierarako hiru kilometroren faltan erori eta ez zuen lasterketa bukatzerik izan; pelotoi nagusian aurrean zen eroritakoan; hausturarik ez du arruarrak baina zauriak bai.  

Eroriko honen ondorioz aste honetan ezingo du parte hartu eta hutsune nabarmena izango da taldekako Gipuzkoako Txapelketan, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu hiru txirrindularirekin bakarrik abiatuko baita. Igandean, Legorretan jokatuko da kadete eta juniorren taldekako Gipuzkoako txapelketa eta Zumaiako taldea bi mailetan izango da. Junior mailan Adur Tapia, Eneko Aranguren, Mattin Salegi eta Andde Etxaniz izango dira lehiatzen. 

Aurreko asteburuan Adur Tapiak eta Mattin Salegik bakarrik korritu zuten. Adur Tapia Gipuzkoako selekzioarekin Frantzian izan zen Frantziako Kopako proba batean. Larunbatean 20 kilometroko erlojupekoan 68. sailkatu zen eta igandean 125  kilometroko lasterketan 64. Hemen 95 txirrindulari bakarrik sailkatu ziren, 11 kontrola itxita zegoela helmugaratu ziren eta 28 erretiratu. 

Datu hauek adierazten dute oso oso lasterketa zaila izan zela. Adur Tapia, tripetakoarekin, oso kaltetuta zegoen baina lasterketa 64. postuan amaitzeko gai izan zen, asko ikasiaz hemengo erarekin alderatuta oso modu ezberdinean korritzen baita Frantziako Kopan. 

Mattin Salegi, berriz, Euskal Herria Torneoko lasterketan izan zen Araban, baina matxura batek karreratik kanpo utzi zuen. Asteburu hau bete-beteta dute: larunbatean kadeteek goizean Ordizian dute lasterketa, eta jubenilek arratsaldean Oñatin Arantzazuko igoera, eta igandean, Legorretan, arratsaldez Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatuko dute.