Gipuzkoako Itzulia

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko eka. 23a, 08:25

Larunbatean Gipuzkoako junior mailako Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa Zumaian jokatuko da.

Goizeko 9:30ean Beheko Plazan parte hartzaileen aurkezpena egingo da; 33 talde izango dira guztira, 184 txirrindulari. Gipuzkoako talde guztiez gain, Euskal Herri osoko taldeak, gehi Galizia, Aragoi eta Kataluniako taldeak ere izango dira parte hartzen. 

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu ere parte hartzaileen artean izango da lau txirrindularirekin: Mattin Salegi, Andde Etxaniz, Eneko Aranguren eta Adur Tapia. Txirrindulariek ostiralean sarrerako etapa Idiazabalen jokatuko dute, lehen etapa Zumaian, bigarren etapa Andoainen igandean, eta hirugarrena Seguran astelehenean. 

Zumaiako lasterketa 10:30ean hasiko da eta eta 95 kilometroko ibilbidea izango dute: bi zakila buelta, beste bi itzuli Zarautz-Meagas uztartuz eta azken honetan Aizarnazabalen Ibañarrieta igoko dira, handik Zumaiako helmugara zuzenduz. Malda tentea, non lasterketa erabakiko den; malda horrek egingo du etapa jokatuko dutenen selekzioa. 

Adur Tapia sailkapen nagusia lehiatzeko moduan dago, eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko beste hiru kideak ere oso itzuli ona egiteko moduan ere bai. Honen lekuko da joan den larunbatean jokatu zen Euskadiko txapelketan Gipuzkoako talderik onena izan zela. 42 graduko bero itogarriarekin jokatu zen Mendatan Euskadiko Txapelketa. Adur Tapia eta Eneko Aranguren Azanza irabazlearen atzetik ailegatu zen lehen multzoan helmugaratu ziren. Bigarren talde batean Mattin Salegi, eta ondoren Andde Etxaniz. Oso txirrindulari gutxi heldu ziren helmugara, 70, irteeran izan ziren erdiak ere ez. Biharamonean, Eibarren, Adur Tapia laugarren sailkatu zen eta berriz ere talde osoak maila ona eman zuen. Gipuzkoako itzulian lau bakarrik izan arren, eta zazpi kideko taldeei aurre egin behar izan arren, lan ona egiteko moduan daude. 

Kadeteek bakarkako erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketa izan zuten Bergaran. Beñat Sainz bederatzigarren sailkatu zen, sasoi onean dela azken hilabeteari ekiteko erakutsiz. Larunbat honetan Agurainen korrituko dute Beñat Sainzek eta Danel Beristainek. 

Infantilek eta alebinek bukatu dute denboraldia (infantilek uztailaren 3an Beduan taldekako Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute). Azken lasterketa Donostian jokatu zen eta bertan Borja Osak beste behin irabazi egin zuen Zumaiako arantza atereaz. Amaiera bikaina eman diote denboraldiari harrobiko ziklistek.