Adur Tapia bikain Girondeko Tourrean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mai. 20a, 10:30

Emakumeen itzulia jokatu zenez, Hego Euskal Herrian ez zen kadete eta juniorren lasterketarik izan, baina Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Adur Tapiak Bordele inguruan parte hartu zuen Girondeko tourrean. 

Adur Tapiak Gipuzkoako selekzioarekin korritzeko aukera izan zuen; erlojuaren aurka defendatu besterik ez zen egin, baina larunbateko etapan 17. sailkatu zen, taldetxo nagusian helmugaratuz eta Gipuzkoako eta Estatu espainiarreko lehen txirrindularia izanez helmugan. Maila handiko nazioarteko itzulia denez Girondeko Tourra, balio handia du Adur Tapiak egindakoak junior mailako lehen urtekoa baita. Igandean zortea ez zuen alde izan; lasterketako lehen aukeraketa eginda zegoenean, eta oso talde txikia buruan zenean, errepidean zegoen olioaren ondorioz erorikoa izan zen lasterketa buruan eta hiru ziklista lurrera joan ziren, horien artean Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindularia. Tapiak ezin izan zuen jarraitu gorputza kolpatuta eta zauriz beteta baitzuen; zorionez, hausturarik ez baina batez ere mina bere baitan zuen. Lehenegoekin zihoan, ondo sentitzen zen, eta aurrean bukatzeko moduan, eta ezin bukatuak amorrazio handia eman zion.

Kimuek eta Infantilek taldekako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Ezkion. Kimuak hiru bakarrik izan ziren taldea osatzeko eta bosteko taldeen aurka lehiatu behar izan ziren. Hala ere, 24 taldeetatik hamahirugarren sailkatu ziren oso oso lan txukuna eginez. Infantilek ere beren eginbeharra ondo osatu zuten, eta hori euri zaparrada bete betean tokatu zitzaiela. Asko luzatu zen lasterketa eta oraindik bi txanda falta zirenean Gurutze Gorriak ezin zuela gehiago egon, eta antolatzaileak salduta utzi zituen, alde egin baitzuen lasterketa bertan behera utziaz. Une horretan Zumaiako Txirrindulari Elkarteko infantilak laugarren ziren. Infantilen txapelketa hau beste egin batean jokatu beharko da bere osotasunean.

Asteburu honetan kimuek eta infantilek Zarautzen izango dute lasterketa, Asti kirolgunearen inguruan. Jubenilek bi lasterketa gogor dituzte: larunbatean Amurrion Euskal Herria Torneoko proba puntuagarria, eta igandean Obanosen. Kadeteek, berriz, igande arratsaldean Arroan izango dute Gaztetxoak torneoko karrera, non 186 txirrindulari dauden izena emanda bertan parte hartzeko.