Borja Osa Gipuzkoako Txapeldun, Aitor Agirre ondo Bidasoan, Tapia eta Beristain hamar onenen artean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mai. 13a, 11:00

Asteburu bikaina izan da herriko txirrindularientzat. Maila gorenetik hasiko gara.

23 urtez azpikoen mailan Bidasoako itzulian Aitor Agirre (Laboral Kutxa) primeran ibili da. Bere eginbeharra taldekideei laguntzea izan da, eta baita zuzen bete ere, mutilak!

Lehen egunean ihesaldietarako agindua zuen, eta halaxe bete zuen, bigarrenean taldeko lider Enekoitz Azparrenek Jaizkibel aurretik zulatua izan eta Agirrek lagundu zion pelotoira sartzen. Jaizkibelgo igoeran bete betean Nikolas Alustizak erorikoa izan eta helduta lagundu zion Aitor Agirrek etapa bukatzen; gero baieztatu zen Zumarragako txirrindulariak lepauztaia hautsita zuela.

Hirugarren etapa, gogorrena, Aritxulegi, Agiña, San Martzial eta Erlaitzekin bere etaparik onena izan zen emaitza aldetik; 47. Helmugaratu zen 77k bukatu zuten lasterketa. Aitor Agirre seigarren gipuzkoarra izan zen Davide Piganzzolik italiarrak irabazitako etapan, Bidasoako bere lehen itzuliari amaiera oso ona emanez. Laboral Kutxako bigarren txirrindularia izan zen Irungo helmugan. Aitor Agirrek zuzendari eta taldekideen zorionak eta esker oneko hitzak jaso zituen behin lasterketa bukatutakoan.

Jubenilek Lazkaomendiko lasterketa jokatu zuten igandean. Larraitz, Gaintza eta Lazkamendi (Zaldibitik) igota Viveros San Anton-Exclusivas Marduko lau txirrindulariak onenen pelotoian izan ziren. Lasterketa parte hartzaileen erdiek bakarrik bukatu zuten, eta lau taldekideek helmuga gainditu zuten: Adur Tapia bederatzigarren, Eneko Aranguren hemeretzigarren, Mattin Salegi 35. eta Andde Etxaniz 44. Nabarmentzekoa da 93 kilomteroko lasterketa menditsuan txirrindulariek bataz beste  40'196 km/h ko abiadura lortu zutela; benetan azkar ibili ziren, txirrindulariek duten maila erakutsiz.

Kadeteek Lizarran izan zuten lasterketa, eta lehenengoz hamar aurrenen artean sailkatzea lortu zuen Danel Beristainek. Helmuga aurreko Muro mendatean 20 txirrindulari gelditu ziren buruan, eta horien artean sartu zen zumaiarra. Beñat Sainz 44. izan zen eta Iker Eizagirre 84. 122 txirrindularik lortu zuten karrera bukatzea, eta Danel Beristain hirugarren gipuzkoarra izan zen.

Alebin eta infantilek Gipuzkoako txapelketak jokatu zituzten Irunen. Alebinen mailan Borja Osak irabazi zuen, eta beraz, Gipuzkoako txapelduna da. Infantiletan finalerako sailkatu zen Oinatz Etxabe. Asteburu honetan berriz taldekako Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira Ezkion. Kadeteek eta jubenilek ez dute lasterketarik Emakumeen Itzulia jokoan delako, baina Adur Tapia juniorrak konpromiso handiko karrera du, izan ere, Gipuzkoako selekzioarekin Girondeko Tourra korrituko du Europako junior onentsuenak bertan direlarik.