Adur Tapiaren lehen podiuma

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mai. 5a, 13:00

Goldarazko maila pikoan Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Adur Tapia hirugarrena izan zen. 

Irurtzunen hasi eta Goldarazko kaxkoan izan zuen amaiera jubenilen lasterketak aurreko igandean. Lasterketa gogorra izan zen eta txirrindulariek heurek gogorragoa egin zuten, hasieratik oso bizkor ibili baiziren. 89 km egin zituzten, aurrena Ultzama bailaran, ondoren Irurtzundik Zuarrarrate igoaz eta Goldaratzen bukatuaz. Zuarrarraten onenen selekzioa egin zen eta Goldarazko azken maldak jarri zuen bakoitza bere tokian. 

Denboraldiko lehen podiuma lortu zuen Adur Tapiak; Elgoibarren laugarren sailkatu eta hori baldin bazen orain arteko posturik onena, Nafarroako lasterketa honetan hirugarren ailegatu zen, eta lehen urteko jubenilen artean aurrena izan zen. Talde osoak eman zuen maila ona, Eneko Aranguren 14. sailkatuz, Mattin Salegi 24., eta Andde Etxaniz 50. Emaitza hauekin Viveros San Anton-Exclusivas Mardu laugarren talderik onena izan zen. Ibilbide gogor horretan bataz-besteko abiadura ez zen nola halakoa izan: 39,835 kilometro orduko. Ibilbide berberean orain bi urte juniorren lasterketan Igor Arrieta garaile izan zen; bada, hark egindako marka alde handiarekin hobetu dute aurreko igandean; Ibai Azanza izan zen garailea.

Kadeteek Seguran korritu zuten, eta ordutegira, berora eta ibilbidera ez ziren oso ondo egokitu. Hala ere, lautik hiruk lasterketa bukatu zuten, Lierniko eta Zeraingo maldatan gogotik sufritu ondoren. Beñat Sainz izan zen taldeko onena: 33. Sailkatu zen; Danel Beristain 40.a izan zen, eta Iker Eizagirre 70. Lizar Tolosak ez zuen bukatu lasterketa astean ondoezik izan ondoren.

Kimuek eta infantilek Astigarragan jokatu zuten beren lasterketa. Borja Osak Irungo arantza atera eta esprint estu batean garaipena lortu zuen alebinetan; Mikel Egañak lasterketa bikaina egin zuen, eta Oinatz Alberdik ere lasterketa bukatu ahal izan zuen, ahalegin aparta egin ondoren. 

Borja Osa, Astigarragako podiumean
 

Infantiletan, Oñatz Etxabe eta Peru Calvo lasterketa osoan onenen multzoan ibili ziren. Azkenean Oñatz 6. sailkatu zen eta Peru 11. Unai Egañak hauengandik gertu bukatu zuen, hobekuntza handia erakutsiz, eta Amets Alberdik ere bukatu zuen; izugarrizko ahalegina egin zuen doblatu gabe amaitu ahal izateko.

Asteburu honetan kimuek eta Infantilek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Irunen igande goizean; kadeteek Lizarran dute lasterketa igandean eta jubenilek, berriz, Lazkao-Lazkaomendi karrera dute. Aitor Agirre zumaiarra berriz Bidasoako itzulia lehiatzen ari da Laboral Kutxarekin eta igandean Euskadiko txapelketa jokatuko du Natxituan.