Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Adur Tapia, gipuzkoar onenetakoa nazioarteko klasikoan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko api. 28a, 12:28

Izugarrizko mailarekin jokatu zen Gipuzkoa Klasikoan nabarmendu da Adur Tapia. Itzuli modura, bi lasterketa egun, bi klasika batu, eta sailkapen orokor bat osatu da non munduko juniorrik onenak nabarmendu diren: munduko rankineko bi lehenengoek, adibidez, Klasikoan parte hartu dute. 

Klasikoa Menno Huising holandarrak irabazi du; datorren denboraldian World Tourrean, profesionaletan, maila gorenean arituko den Antonio Morgado poltugaldarra bigarren sailkatu da; eta munduko rankineko lehena, Van Mechelen belgiarra, hirugarrena izan da. 

Viveros San Anton-Exclusivas Mardutik bi txirrindularik lortu dute klasikoa bukatzea: Adur Tapiak eta Mattin Salegik. Adur Tapia lehen etapan onenengandik gertu ibili zen; 49 segundora helmugaratu zen pelotoian, Deban, eta lehen gipuzkoarra izan zen; lehen urteko txirrindularien artean 13.a izan zen.

Lehen kilometroan izandako eroriko batek baldintzatu zuen Egiako klasika lasterketa; bertan, pelotoia bitan zatitu zen eta hortik aurrerako 107 kilometroetan ez zen atsedenik izan inorentzako: aurrekoak topera eta atzekoak ere topera, inoiz batu gabe. Pena, Adur Tapia indartsu zegoelako  eta zerbait esanguratsua egiteko aukerekin. Baina, bigarren multzoan gelditu zen eta hortxe zapustu zen ametsa. Hala ere bigarren gipuzkoarra izan da sailkapen nagusian eta lehen urteko txirrindularien artean 24.a. Mattin Etxanizen lasterketa ere aipagarria da, oso oso txirrindulari gutxik lortu baitute Klasikoa bukatzea. Lehen egunean Eneko Aranguren eta Andde Etxaniz ere lasterketa bukatzeko gauza izan ziren. 

UCI mailan, estatu espainiarrean jokatzen den lasterketa bakarra da  Gipuzkoa Klasikoa eta aurten inoiz baino gehiago nabarmendu behar da parte hartzaileen maila; munduko junior onenak bertan izan baitira.  Viveros San Anton-Exclusivas Marduk lau txirrindulari ditu, beraz. UCI arautegia betetzeko Elgoibarko Besa taldearekin (hiru txirrindulari) bat egin eta taldea osatu du.

Azken lasterketako emaitzek eta Gipuzkoa Klasikoan izan duen mailaren ondorioz Gipuzkoako selekzioarekin maiatzean Tour de Gironde-en parte hartuko du, hau Frantziako junior mailako lasterketarik garrantzitsuenetakoa da.
Kadeteek jai izan dute santelmoetako lehen asteburuan; kimuek eta infantilek ez. Irunen izan zuten igandean Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txikienek lasterketa, eta bai alebinetan baita infantiletan ere podiuma zapaldu zuten: Borja Osa bigarren sailkatu zen kimuen mailan eta Oinatz Etxabe hirugarren infantil mailan. Oro har esan behar da, lasterketaz lasterketa hobekuntza handia izaten ari direla harrobiko ziklistek. 

Asteburu honi dagokionez, larunbatean txikienek Astigarragan dute karrera;igandean, berriz, jubenilek Nafarroako Irurtzunen (Etxeberrin) eta kadeteek Seguran izango dituzte karrerak.