Hurrengoan hobeto

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mar. 10a, 18:57

Ez dute errepideko denboraldia nahi bezain ondo hasi  txirrindulari kadeteek. Beasainen zuten lehen lasterketa eta lautik lau, laurak erori ziren eta ezin izan zuten lasterketa bukatu.

Larunbat goiz honetan Zarautzen izango dute karrera. Ibilbidea ondo ezagutzen dute, bertan entrenatzen dutelako. Beasaingo arantza ateratzeko gogoarekin errepideratuko dira Beñat Sainz, Lizar Tolosa, Danel Beristain eta Iker Eizagirre.

Jubenilek Errenterian izan zuten lasterketa eta bertan Adur Tapia top10etik gertu gelditu zen: 12. sailkatu zen Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindularia, lehen multzoan helmugaratuta. Lasterketa oso hautsita heldu zen helmugara eta 5 km faltan saiatu zen arren aurreko hirukotearekin bat egiten, Eneko Aranguren giarretako arazoekin 56. tokian sailkatu zen irabazlearengandik minutu eta 19 segundura. Atzerago heldu ziren Mattin Salegi eta Andde Etxaniz zumaiarrak. Mattin Salegi 65. ailegatu zen, bi minutu eta 16 segundora, eta Andde Etxaniz 72. bi minutu eta 25 segundora.

77 km-ko ibilbidea zuen Errenteriako lasterketak eta txirrindulariek 43 km/orduko bataz besteko abiaduran osatu zuten bidea. Lasterketa gogorra izan zen eta parte hartu zuten 25 taldeetatik Viveros San Anton-Exclusivas Mardu 13.a izan zen.

Larunbatean Mutrikun izango dute lasterketa, non Kalbarioko mendatea bi aldiz gainditu beharko duten helmugara ailegatu aurretik. 

Aitor Agirre erori

Laboral Kutxako Aitor Agirre zumaiarrak ez zuen zortea alde izan Ereñon, non bere taldeak erakustaldia eman zuen. Lasterketako lehen kilometroetan eroriko handia eta larria izan zen, eta bertan kaltetuetako bat izan zen Aitor Agirre. Ezin izan zuen jarraitu, hausturarik ez izan arren mina baitzuen. 

70 txirrindulari inguru erori ziren eta erorikoak Aitor bete betean harrapatu zuen, ordura arte taldearentzako lan bikaina eginda; pelotoi buruan, tiraka, aurkarien lana kontrolatuz ondo zihoan Agirre baina ezin izan zuen jarraitu.

Lasterketa ordu eta erdiz neutralizatuta egon zen eta azkenean 35 kilometroko karrera jokatu zen, non Enekoitz Azparren eta Xabier Berasategi, Aitor Agirreren taldekideak, aurrena eta bigarren sailkatu ziren.

Asteburu honetan ez du korrituko eta datorren astean Laukizen eta Lizarran dena emateko prest izango da.