Hastera doa

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko ots. 24a, 17:00

Azken 14 urteotan bezala, aurten ere Hego Euskal Herrian Zumaian hasiko da errepideko denboraldia afizionatu mailako Zumaia Sariarekin. Aurten ibilbidean aldaketa txiki bat badu lasterketak, kilometro kopurua guztira aurrekoetan bezalakoa izan arren.

Aurten mendatetxo bat sartu da, Meaga, baina maila honetako txirrindularientzat ez du aparteko zailtasunik, pelotoia hausteko adina ez behintzat, beraz, beti bezala esprinta izango da Zumaian.

Agian besteetan baino talde txikiagoa helduko da, baina sententzia esprintak eman lezake. Aurten, herriko seme bat izango da irteeran Laboral Kutxa taldearekin, Aitor Agirre, alegia. Agirrerekin batera, Viveros San Anton-Exclusivas Mardun hazitako beste bi txirrindulari ere izango dira lasterketan: Kimetz Etxabe (Baque) eta Ander Altuna (Eibar Energia Hiria).

Iaz, Marc Brustengak irabazi zuen egun Trek taldearekin World Tourrean den ziklistak. Hirugarren sailkatu zen Pau Miquel ere profesionala da aurten Kern Pharma taldean. Hau gogoratuta, arreta jarri beharko da aurtengo sailkapenean, etorkizunean profesionaletan protagonista izango diren txirrindulariak azalduko baitira.

Zumaian 10:00etan emango zaio hasiera lasterketari, eta 180 txirrindulari inguru izan daitezke irteeran. Gogoan hartu behar da Zumaiako lasterketak aurten beste bi probarekin bat egingo duela: Don Beniton jokatuko den Espainiako Kopako lasterketarekin eta Colindresen jokatuko den bi eguneko lasterketarekin, hain zuzen ere. Hala ere, Euskaldun Torneorako puntuagarria denez, Torneoa lehiatuko duten txirrindulari eta taldeak Zumaian izango dira. 

Ibilbidean amaieran izango da aldaketa, zeharbidetik itzuli txiki bat eman ostean, hiru zakila buelta osatuko dira, eta gero, bi Zarautz-Meaga gehituko dizkiote, zakila buelta handiak osatzeko.

Amaieran, 12:30ak aldera aurtengo irabazlearen izena eta 14. edizioaren sailkapena ezagutuko ditugu.

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak asteburu oso-osoa du: larunbatean Zumaian lasterketa eta igandean junior mailakoen denboraldiko lehen karrera. Eibarren hasiko da denboraldia. Ohiko lasterketa, ohiko ibilbidearekin, amaiera San Migel mendate gogorrarekin. Hortxe estreinatuko dute denboraldia Eneko Aranguren, Adur Tapia eta Mattin Salegi eta Andde Etxaniz zumaiarrek. Irailaren bukaera arte, asteburuetan ez dute buruhausterik izango zer plan egin erabakitzerakoan, asteburuoro izango baitituzte lasterketak.