Ziklo krosa eta pista eginez hasi da 2022a

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko urt. 7a, 08:00

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldeko txirrindulari kadeteek eta juniorrek hasi dute 2022a; ziklo krosa edo pista eginez hasi dute urtea.

Pistan, Gipuzkoa torneoari amaiera eman diete, nahiz eta Erregeen ondoren ere jardunaldia izango den; baina, sailkapen nagusirako ez du kontatuko. Orain arte jokatu gabeko probak, Madisona edo Keirina, jokatuko dira, aurki izango diren Euskadiko eta Espainiako txapelketei begira entrenamendu gisa.

Horrela, torneoan taldeko txirrindularirik onena Iker Eizagirre izan da: 19. amaitu du Torneoa. Beñat Sainz 23.a izan da. Bere alde aipatzekoa da torneoa osoa A txandan lehiatuz jokatu duela, beti onenen aurka korritu behar izan du eta hori oso adierazgarria da. Azkenik, Lizar Tolosak 29. sailkatzea lortu du. Guztira, 59 kadetek hartu dute parte aurtengo Gipuzkoa Sarian.  

Hilaren 16an Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dira eta otsailaren 5ean, Tafallan, Euskadiko Txapelketak. Hortik aurrera errepideko lasterketak prestatzeko azken entrenamenduetan murgilduko dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko mutilak. Pista egin duten hiru hauez gain, Danel Beristain ere izango da errepideko egutegian.

Ziklo krosean, Ormaiztegik estreinatu du 2022a, eta bertan, junior mailan, denboraldiko emaitzarik onenak lortu dituzte Viveros San Anton-Exclusivas Mardukoek: Eneko Aranguren 9., Mattin Salegi 12. eta Andde Etxaniz 25. Egia da parte hartzaileen kopurua murritza izan zela, 29 guztira, baina  zirkuitu lehor baina oso tekniko batean aurpegia eman eta lasterketa polita egin zuten. Errepideari begira hiru txirrindulari hauez gain, Adur Tapia izango da taldea osatuko duen laugarren ziklista.