Jardunaldi polita pistan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko aza. 25a, 12:22

Gipuzkoako Torneoko bigarren jardunaldian jarrera oso ona eta emaitza politak lortu zituzten Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek. 

Lehen jardunaldiko emaitzen arabera antolatu ziren taldeak, Viveros San Anton-Exclusivas Marduko hiru kadeteek B multzoan parte hartu zuten, eta lasterketa guztietan protagonista izan ziren. Ondorioz, hurrengo jardunaldian A multzoan parte hartzeko moduan izango dira, sailkapen nagusian gora egin baitute.

Iker Eizagirre 16. kokatu da, Tempon bigarren, Puntuaketan zazpigarren. eta Scratchean 12. sailkatu ondoren. Lan bikaina egin zuen Eizagirrek; puntu bakar batengatik ez zuen Tempo lasterketa irabazi. Beñat Sainz 19. Kokatu da sailkapen nagusian; jardunaldiko lehen bi lasterketetan nabarmendu zen, eta hirugarrenean ordaindu egin zuen nekea. Scratchean seigarren sailkatu zen, Puntuaketa bikaina egin eta laugarren izan zen, eta Tempoa hamahirugarren bukatu zuen. Emaitzak onak eta lasterketan jarrera ere bai, une batean baino gehiagotan bera izan baitzen karrerako erritmoa markatu zuena. Lizar Tolosa 24. da saikapen nagusian; Puntuaketa eta Tempoa seigarren amaitu zituen; Scratcha izan zen bere probarik txarrena, hotzago harrapatu zuen-edo, eta 14. sailkatu zen. Guztira 41 txirrindulari dira sailkapenerako puntuatu dutenak. Larunbatean hirugarren jardunaldia jokatuko da.

Ziklo krosa

Ziklo krosean, Eneko Aranguren jada ohorezko postuetara gerturatu da. Mattin Salegik, Heiko Mateos eta Andde Etxanizek sailkapen erditik atzerako postuetan jarraitzen dute. Lezaman zirkuito zail batean Eneko Aranguren 14. sailkatu zen, Mattin Salegi 32. ailegatu zen, Heiko Mateos 36. eta Andde Etxaniz 37. Kadete mailan, berriz, Anuk Gojenola 22.a izan zen helmugan. 

Denboraldia aurrera doa, eta erdia gaindituta, azken bi hilabeteen bila doaz Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak, otsaila bukaeran errepideko denboraldiari hasiera emateko. Asteburu honetan Garain eta Abadiñon jokatuko dira ziklo kros lasterketak.

Kimuek eta infantilek igandean teknifikazio saioa izan zuten Irunen, errepidean ibili arren pistako teknikak eta lasterketak ezagutzeko.