Lehen hartu emana pistako torneoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko aza. 19a, 16:01

31 txirrindulari kadeteren parte hartzearekin –horien artean Viveros San Anton-Exclusivas Marduko hiru– estreinatu da Pistako Torneoa. Guztira, 91 ziklista hasi dira torneo honetan, kadeteak, juniorrak eta neskak batuta.

Zumaiako txirrindulari Elkarteko hiru kideentzako erabat berria da pista. Karrera hauetan lehen helburua ez erortzea eta itxura txukuna ematea da. Bada, bi helburuak beteta itzuli ziren etxera Lizar Tolosa, Beñat Sainz eta Iker Eizagirre. Scrach, Puntuaketa eta Tempo lasterketetan parte hartu zuten, eta sailkapen nagusian Iker Eizagirre 23.a da, Beñat Sainz 24.a eta Lizar Tolosa 27.a 

Larunbat honetan bigarren saioa izango dute eta bertan txirrindulari gehiagoren parte hartzea izango da. Gipuzkoa kanpotik ere inguratuko dira: Kataluniatik, Asturiastik, Euskal Herriko beste lurraldeetatik etorritako txirrindulariek ere parte hartuko dute. Saioa 15:00etan hasiko da eta 20.00ak aldera bukatuko da, Donostiako Antonio Elorza belodromoan.

Ziklo krosean, nabarmentzekoa izan da Eneko Aranguren usurbildarrak emandako urratsa. Beasainen jokatutako lasterketan 10. amaitu zuen, denboraldiko lasterketarik onena eginez. Gipuzkoako txapelketa jokoan zen eta gipuzkoarren artean seigarrena izan zen Viveros San Anton-Exclusivas Marduko kide berria. Mattin Salegik 25. bukatu zuen eta Andde Etxanizek 30. Kadete mailan, Anuk Gogenolak 27. bukatu zuen Beasaingo lasterketa. 

Igandean, berriz, Amorebietan, Anuk Gogenola eta Heiko Mateos aritu ziren. Gogenola 31. sailkatu zen kadete mailan, eta Heiko Mateos 26. junior mailan. Asteburu honetan ziklo kros lasterketa bakarra izango da: igandean Lezaman. 

Asteburu honetan, infantil eta alebinek ere elkarretaratzea izango dute Irunen eta bertan pistako ziklismoaren ezaugarriak landuko dituzte.