Denboraldiko azken zatiari aurre egitera

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko abu. 14a, 09:00

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko jubenilak prest daude denboraldiko azken zatiari ekiteko. Eten txiki bat izan dute Iruñerriko Itzulia amaitu ondoren, eta orain, hilaren 29an jokatuko den Munduko Txapelketaren atarikoa prestatuko dute. 

Enaitz Garai izan zen onena Iruñerriko Itzulian. Atxabaltarrak hiru eguneko itzuli gogorra hamabosgarren postuan amaitu zuen, nabarmenduz azken eguneko seigarren postua. Oso maila onean ibili zen Garai, atzean gelditutakoan ere kemena izan zuen, galdutakoa berreskuratzeko eta onenekin batera helmugaratzeko. Taldeko onena izan zen, eta oinarri on horretatik ekingo dio denboraldiko azken zatiari. 

Kimetz Etxabek  atzetik aurrera egin zuen itzulian: lehen egunean ezinean, bigarrenean erorikoak harrapatu zuen eta hirugarrenean onenekin borrokatu arren, sailkapenerako aukerarik gabe zegoen. Ander Altunak lehen etapan erori eta sailkapen nagusiari agur esan behar izan zion, bigarren etapan oso ondo defendatu zen eta hirugarrenean gorputz kolpatuak ordaina pasa zion. Aitor Agirre lehen bi etapetan onenekin ibili zen, bietan lehen taldetxoetan helmugaratuz, baina hirugarrenean huts egin zuen. Aritz Eizagirrek berriz ikasteko erabili du itzulia, eta baita ahal zuen neurrian taldekideei laguntzeko ere.

Taldeak emandako mailarekin kexurik ez, taldekako sailkapena begiratuta parte hartutako 33 taldeetatik seigarren izan baita Viveros San Anton-Exclusivas Mardu. 

Denboraldiko azken zatia hastera doa eta larunbatean Villatuertan parte hartuko dute jubenilek. Beroa izango da txirrindularien aurkaririk handiena, bero itogarria; beraz, baldintza horietara nola egokitzen diren ikusi beharko da. Nafarroako lasterketa hau izango da ia guztientzat hilaren 29an jokatuko den Munduko Txapelketaren atariko, Loinaz klasikoa prestatzeko lasterketa. Kimetz Etxabe ez da bertan izango datorren astean Gipuzkoako selekzioarekin Ribera de Duero itzulian izango baita. Hilabete falta da errepideko denboraldia amaitzeko, eta bigarren urteko jubenilek asko dute jokoan, afizionatuetara pasa eta maila berriko taldeetan tokia izatea jokatzen ari baitira ziklista hauek.