Lehen garaipena Euskadiko txapelketaren bezperan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko uzt. 23a, 17:30

Aitor Agirre zumaiarrak eman dio Viveros San Anton-Exclusivas  Marduri denboraldiko lehen garaipena. Lizarran irabazi zuen, azken igoeran onenen taldetxoan sartu eta Muruko jaitsieran erasoa jo ondoren, hartutako tartetxoarekin helmugaratuz. Bi besoak jaso eta podiuma lan onaren sariaz dastatuz, irribarrea ahoan zapaldu zuen Aitor Agirrek.  

Garaipen bikaina Aitor Agirrek lortutakoa eta une onean heldu dena gainera, hurrengo lasterketa etxekoa baita. Uztailaren 24an Zumaian jokatuko da Zumaia saria, Joxe Mari Korta oroimenezkoa; baina aurten lasterketa bera Euskadiko txapelketa ere izango da. Denboraldiko helburuetako bat da eta ziklistak sasoiko eta ondo heldu dira hitzordura. Euskal Herri osoko 166 txirrindulari lehiatuko dira Zumaian. Ibilbideak 110 kilometro ditu eta zailtasuna amaieran: azken kilometroetan Getariatik Garate igoko dute, Meaga jaitsi eta Zarautzen kanposantuko bidea hartu Elkanoko bidera irteteko. Malda piko-pikoa, zatiren baten ehuneko 20ko pendiza duena. Lasterketa hautsi egingo da azken malkar tentean eta Meagatik Oikira jaitsiko dira, zuzenean Axular ibiltokiko zuzengunearen bila. Euskadiko Txapelketa Zumaian irabazten duenaren izena zaindu beharko da, kalitate ona eta oso hanka onak dituela erakutsiko bait du irabazleak.

Goizeko 10etan hasiko da lasterketa eta 13.00ak alderako amaituta izango da. Aipatzekoa helmugatik amaiera aurretik bost aldiz pasako direla txirrindulariak.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Kimetz Etxabek Espainiako txapelketan parte hartu zuen, Madrilen, Euskadiko koloreak defendatuz baina ezin izan zuen lasterketa amaitu.

Taldeak datorren astean Iruñerriko itzulian parte hartuko du, non hiru etapa gogor izango dituzten aurre egiteko.

Kadeteek esan daiteke errepideko denboraldia nolabait amaitu dutela. Asteburuan Ordizian eta Azpetian izan zituzten lasterketak, multzo nagusian amaituz: datorren denboraldiari begira, Anuk Gogenolak eta Mattin Salegik ziklo krosa egiteko asmoa dutenez, jada atseden hartuko dute gero aurredenboraldiko lanekin hasteko. Beste biek abuztuan Nafarroan izango diren lasterketetan parte hartuz luzatuko dute errepideko denboraldia, gero gogoz 21-22 denboraldiari begira lanean hasteko.