Mattin Salegi: podiumetik jaitsi gabe

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko uzt. 16a, 17:15

Oñatin bigarren sailkatu ondoren, Arroan Martin Salegi hirugarren izan zen eguneko ihesaldian sartuta. Saiakera askoren ondoren, lasterketa erdian bost txirrindularik egin zuten aurrera eta balekoa izan zen ahalegina.

163 txirrindulariren pelotoia multzotan hautsi zen, eta boskotea tartearekin heldu zen helmugara. Azkenean, podiumeko postua lortu zuen Viveros San Anton-Exclusivas Mardukoak.Andde Etxanizek karrera ona osatu zuen, taldekide lan polita egin ere bai, eta 32. tokian zeharkatu zuen helmugako marra. Anuk Gogenola ausart abiatu zen, gero ordaindu egin zuen, baina gorputzari buelta eman zionean lasterketa duina egin da 88. amaitu zuen. Lizar Tolosak ez zuen amaitzerik izan. Asteburu honetan bi lasterketa izango dituzte kadeteek, Ordizian eta Azpeitian 

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko bi kide Gipuzkoako selekzioarekin Frantzian izan dira, junior mailako Europako itzulirik gogorrenean; gogorra ibilbideagatik eta parte hartzaileen mailagatik. Bost etapa menditsu, abiadura izugarriak eta azken biak oso eguraldi txarrarekin izan dituzte.

Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe oso txukun ibili dira, nahiz eta Agirrek azken egunean ezin izan zuen amaitu. 116. postua zuen itzulia utzi zuenean, baina bere eginkizuna talde lana egitea zen, baita ikastea. Bi helburuak beteta itzuli da. Kimetz Etxabek 56. bukatu du, oso lan ona eginez. Sufritu du, baina etorkizunerako ahaztuko ez duen eskarmentua hartu du Colonbier edo Les Plana Hotonnes bezalako mendate zaharretan. Lehen mailako hiru mendate eta maila bereziko mendatean amaiera izan zuen etapan bere jarduna nabarmentzekoa izan zen.  

175 txirrindulari izan dira, eta 102k amaitu dute itzulia. Garaile Romain Gregorie (AG2R) izan da; bigarren Cian Uijtdebroeks (belgikar hau Borak fitxatuta du, eta Evenepoel baino hobea omen da); hirugarren Lenny Martinez (Frantziako txapelduna). Esperientziaz aberastuta itzuli dira Gipuzkoako Federazioak emandako aukerarekin Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe.

Euskal Herrian gelditutako beste hiru kideek ez dute asteburu ona izan. Arantzazuko igoeran 28. sailkatu zen Ander Altuna, 71. Enaitz Garai eta 79. Aritz Eizagirre. Zumarragan, berriz, 30 txirrindularik bakarrik amaitu zuten karrera; Viveros San Anton-Exclusivas Marduko inork ez. Igandean Lizarran dute juniorrek lasterketa eta astebete barru Euskadiko txapelketa etxean, Zumaian.