Itzuli ona Viveros San Anton-Exclusivas Marduk

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko uzt. 2a, 15:30

Gipuzkoako Itzulia amaitu berri du Viveros San Anton-Exclusivas Mardu junior taldeak. Lan bikaina egin dute bost txirrindulariek. 

Lasterketan presentzia handia izan dute; horren adibide  da hirugarren etapan, hamar kilometroren faltan, eguneko ihesaldia hamabi ziklistak osatzen zutela eta talde horretatik lau Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak zirela. 

Asko saiatu dira Zumaiako Txirrindulari Elkarteko mutilak, baina azken sailkapena ez da egindako lan guztiaren ispilu. Taldeko txirrindularirik onena Kimetz Etxabe izan da –oso erregular egunero–: sarrerakoan, 11.; lehenengo etapan, 6; bigarrengo etapan, 2; eta hirugarrengo etapan, 10. Sailkapen nagusian Kimetz Etxabek zortzigarren bukatu du Itzulia, irabazlearengandik 45 segundora. Aitor Agirre, beti bezala, lanerako egon da eta bere jarrera txalogarriarekin 25. amaitu du sailkapen nagusian. Ander Altuna eta Enaitz Garai ere egunero saiatu dira ihesaldietan sartzen. eta Etxaberi esku bat botatzen; 38. eta 46. tokietan amaitu dute sailkapen nagusian. Aritz Eizagirrek, azken egunean, lasterketa bukatzea lortu zuen; ibilbidea kontuan hartuta lorpen handia arroarrarentzat. Taldeka parte hartutako 25 taldeetatik 6.a izan da Viveros San Anton-Exclusivas Mardu.  Balantzea ona da, berriro ere adieraziz lasterketan egindako lanak ez duela sailkapenean behar adinako saria izan.

Itzuliaren aurretik, Gipuzkoako Nazioarteko Klasikan parte hartu zuen taldeak, non zorte falta ordaindu zuen Kimetz Etxabek. Aurrean ibiltzeko hankak zituela erakutsi zuen, baina 25. postuarekin konformatu behar izan zuen, tokirik txarrenean zulatua izan, eta denbora asko galduaz (bide malkartsu estuan kotxea ezin ailegatuta gelditu zen), eta ez behin, bitan zulatu zuen Etxabek. Ander Altunak eta Aitor Agirrek ere bukatu ahal izan zuten lasterketa.

Asteburu honetan jubenilek Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute Mendaron. Azken lasterketetan erakutsitako mailaren sari bezala, Kimetz Etxabe uztailaren 18an Espainiako Txapelketan izango da Euskadiko selekzioarekin.

Kadeteek asteburuan bi lasterketa gogor izango dituzte, Tolosan eta Oñatin. Tolosako lasterketa Gipuzkoako txapelketa izango da, gainera. Aurreko asteburuan Agurainen korritu zuten Gaztetxoak torneoko azken lasterketa kadeteek. Lehen urtekoek, ez Lizar Tolosak ezta Anuk Gogenolak ere, ez zuten karrera bukatzerik izan; bigarren urtekoek bai, eta aurpegia emanez karreran, gainera. Parte hartu zuen erdiek bakarrik bukatu zuen karrera, eta horien artean Mattin Salegi 34. sailkatu zuen –lehen pelotoian helmugaratu zen–, eta Andde Etxaniz 58. 

Gaztetxoak torneoa 25. postuan bukatu du Andde Etxanizek; 46.a izan da, berriz, Mattin Salegi.
Datorren astean etxean, Arroan, izango dute kadeteek lasterketa. Lehenengoz jokatuko da Arroa Behean, auzolagunek lagundu eta Zestoako udaletxearen babesaz Arroa Behea saria.