Aitor Agirre Frantziako Kopan, Gipuzkoako selekzioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko eka. 11a, 18:00

Asteburu honetan Frantziako Kopako Bocaje et d lérnee itzulia jokatuko da. Bi eguneko proba da, baina hiru lasterketa izango dira, lehen egunetan erloju kontrako saioa eta lineako etapa izango baitituzte.

Gazteen mailetan Frantzia aitzindaria da eta, horregatik, ikasteko eta txirrindulari bezala hazteko, garrantzia handiko lasterketa da. Emaitzak albo batera utzita, etorkizunerako baliagarria izango delakoan, Gipuzkoako Federazioaren apustua da gazteei aukera eskaintzea. Zortzi gipuzkoar gazte joan dira Frantziara Abraham Olano eta Gorka Agirreren zuzendaritzapean, eta zortzi gazte horien artean dago Aitor Agirre.

Agirre Frantzian izango denez, lau txirrindularirekin ekingo dio Viveros San Anton-Exclusivas Marduk taldeak asteburuko bi lasterketei (Idiazabal eta Antzuola). Aurrekoan, oso lasterketa gogorra izan zen Seguran, eta gauzak ez ziren nahi bezala irten. Kimetz Etxabe 26. postuan sailkatu zen, Ander altuna 28. postuan, Enaitz Garai 49. postuan eta 56. postuan Aitor Agirre; katea hautsi, ordezko bizikleta hartu eta ahal zuen bezala osatu zituen lasterketaren hiru laurdenak.

Kadeteak Txuman, estatuko onenekin

Kadeteentzat urteko astebururik bereziena izango da, Txumaren oroimenezko txapelketan parte hartuko baitute. Hiru eguneko itzulia da, Espainiako Estatuan kadeteentzat antolatzen den bakarra. Kadete mailako estatuko txirrindulari onenak elkartuko dira han, eta horien tartean ibiliko dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduk taldekoak. Haientzat ere ikaspen aberasgarria etorkizunera begira.

Aurreko asteburuan etxean, Zumaian, lan txukuna egin ostean, igandean banakako erlojupekoa jokatu zuten. Mattin Salegi 13. postuan sailkatu zen, 14. postuan Andde Etxaniz et,a bakarkako lan bikaina eginda, 29. postuan sailkatu zen Anuk Gogenola. Eskolako azken esprintean egoteak ez die asko laguntzen sasoi honetan, baina ilusioz eta motibazioz gainezka, asteburu berezia izango dute.