Juniorrek bigarren egin dute taldeka

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mai. 21a, 17:30

Helmugan onena Kimetz Etxabe izan zen: zazpigarren sailkatu zen debarra irabazlearengandik 21 segundora. Taldekako sailkapenean bigarrenak izan ziren Viveros San Anton-Mardukoak.

Seguran jokatu zuten larunbatean Viveros San Anton-Exclusivas Marduko juniorrek lasterketa. 81 kilometroko ibilbide gorabeheratsua izan zuten, zazpi gaintxorekin: bost Liernia, bat Zerain eta Minas (Lierniko azken igoeratik helmugara 4 kilometro besterik ez). Ibilbide malkartsu horri aurkari kopurua gehitu behar zaio: 191 txirrindulari izan ziren guztira hasieratik borroka kokapen on bat topatzeko pelotoi jendetsu horretan. 108 txirrindularik lortu zuten karrera bukatzea, eta Zumaiako lau ailegatu ziren helmugara zuten guztia emanda. Helmugan onena Kimetz Etxabe izan zen: zazpigarren sailkatu zen debarra irabazlearengandik 21 segundora. Gertu jarraitu zion Aitor Agirre zumaiarrak, hamalaugarrena izan zen 31 segundora. Minutu bat eta 15 segundora sailkatu zen Ander Altuna 24. tokian, eta Enaitz Garai 44.a izan zen 3 minutura. Hain emaitza onekin, taldekako sailkapenean bigarrenak izan ziren Viveros San Anton-Mardukoak. 21 taldek puntuatu zuten, eta horien artetik bigarren izatea garaipentzat har daiteke. Adibidez, Ampok hamar txirrindulari errepideratu zituen; Viverosekoek laurekin bakarrik egin behar izan zieten aurre goierritarrei. Datorren igandean Anoetan izango dute lasterketa juniorrek.

Kadeteek aurreko igandean Mendaron izan zuten hitzordua. Mendaron ere txirrindulari asko ziren irteeran, 191. Ibilbide laua zen eta hasieratik erakutsi zuten borrokarako grina. Hortik abiadura: bataz beste orduko ia 40 kilometroko abiaduran osatu zuten ibilbidea (Oñatiko Zubillagara joan eta etorri). 64 txirrindulariz osatutako pelotoia helmugaratu zen eta hortxe, tropelean helmugaratu ziren Andde Etxaniz (29) eta Mattin Salegi (35). Minutu bat eta 42 segundo atzerago ailegatu zen Aritz Gogenola 124. postuan. Lizar Tolosak ezin izan zuen bukatu. Kadeteek Gipuzkoan lasterketarik ez eta Lizarran jokatuko dute lasterketa igande goizean.