Kimetz Etxabe: ohorezko postua

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mai. 14a, 17:00

Laugarren amaitu zuen Lazkaomendin Kimetz Etxabek, Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindularitza Elkarteko txirrindulariak. 95 kilometroko lasterketan hiru mendate zail zituzten txirrindulariek (Larraitz bitan Zaldibiatik), eta hirugarrena, gainera, bukaeran (Lazkaomendi Zaldibiatik).

Azken malda tenteak errematea eman zien beroak eta ibilbidearen gogortasunak lermatutako txirrindularien indarrari: 137 elkartu ziren irteeran eta 50ek bakarrik zeharkatu zuten helmugako marra. Lasterketa bukatu zuten 50 ziklistak banaka-banaka heldu ziren, pelotoirik handiena bi
lagunekoa izan zen, lasterketaren gogortasunaren irudia horixe, eta ezaugarri horiek guztiak
kontuan izanda txalogarria da Kimetz Etxabek lortutako laugarren postua, bai eta Aitor Agirreren hemeretzigarren postua ere.

Bi ziklistak indarrez akituta, hustuta, heldu ziren. Taldeko beste laurek gogotik ordaindu zuten lasterketaren gogortasuna; bero handiko lehen eguna izan zen txirrindulari gazte haientzat eta gorputzak oraindik ere egokitu gabe daudela nabari zen.

Datorren asteburuari begira, bihar Seguran izango dute lasterketa juniorrek; kadeteek, berriz Mendaron. Aurrekoan, Arabako Harana bailarako lehen sarian parte hartu zuten zeina, Iturrietako mendateari bi itzuli emanda, gurutz bidea bilakatu zen parte hartzaile guztientzat (oso gogorra kadeteentzat).

Done Bikendi Haranan taldeko lau txirrindularietatik hiruk lortu zuten lasterketa bukatzea. Andde Etxaniz eta Mattin Salegi antzera heldu ziren, 35. eta 43. postuetan, bigarren pelotoi baten buruan. Mattin Salegi Iturrietako lehen igoeran ihesaldian sartu zen, baina gero ordaindu, oraindik ere COVID-19 birusaren erasoa ez baitu erabat menperatu.

Anuk Gogenolak ere bukatu zuen lasterketa, egoskor jarri eta zituen indar apurrei etekina
aterata. Lizar Tolosa gelditu zen jokoz kanpo lasterketa hastearekin batera. 10. kilometroan erorikoa izan zuen, eta minik hartu ez bazuen ere, lasterketa uztera behartu zuen matxura
eragin zion bizikletari.

Mendaron lasterketa laua izango dute igande arratsaldean kadeteek, baina parte hartzaile kopurua ikaragarria izango da: 200 lagun (UCIk baimentzen duen muga). Kopuru hori nahikoa zailtasun izango da bakoitzak bere tokia topa dezan lasterketan.