Ekainean itzulia korrituko dute kadeteek

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mai. 7a, 10:00

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko kadeteek inoiz ez dute itzulirik korritzeko aukera izan. Aurten, Gipuzkoako Federazioaren kudeaketa onaren ondorioz, Bizkaian antolatzen den Txumaren oroimenezkoan izango da taldea.

Hiru etapako itzulia da, eta bertan Estatu espainiarreko kadete talde onenekin batera korritu ahal izango dute gazte zumaiarrek. Ekainean 11, 12 eta 13an jokatuko da itzulia, Berango, Leioa eta Erandio inguruetan.

Data heldu bitartean, gure txirrindulariek pedal kolpe egokienaren bila entrenatu eta lehiatuko dituzte lasterketak. Aurreko asteburuan Arronizen izan ziren, eta Andde Etxanizek eta Mattin Salegik lehen pelotoian bukatu ahal izan zuten; nahiz eta postu oso ona ez lortu, hantxe gelditu ziren kokapen ona bilatu ezinda: 48 eta 50 postuetan helmugaratu ziren. Anuk Gogenolak ere lortu zuen karrera bukatzea, 71.a izan zen. Aste honetan Arabako errepideetan izango dira.

Jubenilek Zegaman ibilbide gogorrean –lau mendate: hiru aldiz Liernia, behin Barbaris– lehiatu ahal izan zuten Euskal Herritiko eta Euskal Herritik kanpoko txirrindulariekin: Nantesetik edo San Sebastian de los Reyesetik gerturatu ziren Zegamara txirrindulariak. Taldetik onena Kimetz Etxabe izan zen: 15. amaitu zuen lasterketa, onenengandik gertu. Aitor Agirre 26.a izan zen helmugan, azken mendatean ordaindu egin zuen aurrez egindako ahalegina, ihesita ibili baitzen. Ander altunak eta Enaitz Garaik ere karrera ona egin zuten, nahiz eta azkenean ezin eutsi izan onenen multzoari: Ander Altuna 33.a izan zen eta Enaitz Garai 51. Aritz Eizagirrek eta Heiko Mateosek ez zuten amaitzerik izan. 

Datorren asteburuan Lazkaon izango dute lasterketa jubenilek. Oso ibilbide gogorrari aurre egin beharko diote:  Zaldibitik Larraitz bi aldiz igo ondoren, amaiera Lazkaomendin izango du lasterketak Zaldibi bertatik igota. Azken aldapa horrek malda handiko zatiak ditu, bertan hustu beharko dituzte gelditzen zaizkien indar apurrak. Jubenilek oso garai gogorra dute; azterketetan bete betean egoteaz gain, denboraldiko hitzordu politenei aurre egiteko hilabete ingururen faltan.