Errematatzea falta gure ziklistei

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko api. 16a, 12:00
Aitor Agirre.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulari jubenilek onenen artean lehiatzen jarraitzen dute. Postu oso onak lortuta, errematatzea falta zaie; baina behin eta berriz erakusten ari dira onenen multzoan daudela eta ur beroarekin ere ez dituztela hortik botako.

Agurainen, Euskal Herria txapelketako lasterketan, Euskal Herriko txirrindulari guztiak bertan zirela eta lehen mailako Opakua mendatea eguneko zailtasun nagusi eta epaile zela, Aitor Agirrek bosgarren sailkatzea lortu zuen, eta zortzigarrena izan zen Enaitz Garai. Hautatuen multzoan heldu ziren Agirre eta Garai; haiengandik ia lau minutura, 32. egin zuen Ander Altunak, eta ia 6 minutura, 45. bukatu zuen Kimetz Etxabek. Taldeka hirugarren sailkatu zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu, baina Aritz Eizagirrek ez zuen lasterketa bukatzerik izan.

Euskal Herria txapelketako hiru lasterketa jokatuta, Aitor Agirre laugarrena da sailkapen nagusian, Ander Altuna hemezortzigarrena, Enaitz Garai hogeita hirugarrena eta Kimetz Etxabe hogeita zortzigarrena. Taldekako sailkapenean laugarrena da Viveros San Anton- Exclusivas Mardu. Kontuan hartzeko sailkapenak dira, izan ere, Euskal Herriko junior guztien arteko sailkapena da, hiru probak batuta. Euskal Herria txapelketak etena izango du orain, eta ekainaren 19an jokatuko da hurrengo proba puntuagarria Nafarroako Obanos herrian.

Lasterketek, baina, ez dute etenik. Joan den igandean Lizarran lehiatu ziren gipuzkoarrak, eta 146 ziklista izan ziren irteeran. Helmugara 97 heldu ziren; horien artean, Ander Altunak zortzigarren egitea lortu zuen, eta denbora berdinarekin, hamargarren sailkatu zen Enaitz Garai. Bi txirrindulariak irabazlearengandik 41 segundura sartu ziren, eta hainbat segundu beranduago iritsi zen Aitor Agirre, hogeita zazpigarren postua lortuta. Lasterketan taldekideentzat lana egin ondoren, laurogeita hamargarrena izan zen Kimetz Etxabe. Taldeka, aldiz, bigarren egin zuen Viveros San Anton-Exclusivas Marduk. Igande honetan Lizarran arituko dira berriz jubenilak.

Kadeteak

Gaztetxoak txapelketak, bestalde, Nafarroara eraman zituen kadeteak apirilaren 4an, hain zuzen,, Bilatortara. Txapelketa horretan Euskal Herriko kadete guztiak elkartzen dira, baina 200 baino gehiago direnez, lehen urtekoak eta bigarren urtekoak bereizita lehiatzen dira.

Lehen urtekoen lehiaketan, lasterketa erditik aurrera egin ezinik ibili zen Lizar Tolosa, eta orain arteko lasterketarik onena egin zuen Anuk Gogenolak. Ibilbidea gorabeheratsua zen, eta paraje horretan haize faltarik ez denez izaten, kadeteentzat lasterketa zaila izan zen. Lehenengoetatik gertu amaitu zuen lasterketa Gogenolak, hemerezitarren postuan, 23 segundura. Ziklisten erdiak soilik lortu zuen lasterketa bukatzea, alegia, 68 ziklistak.

Bigarren urtekoen lehian, aldiz, Andde Etxaniz nabarmendu zen. Eguneko ihesaldian sartu eta lehenengo hamar postuetan sartzetik gertu egon zen. Lasterketa guztia ihes eginda pasatu ondoren, azken itzulia ordaindu zuen, eta hamabigarren sailkatzea lortu zuen azkenean, hortzak ondo estututa. Mattin Salegi, bestalde, hogeita seigarrena izan zen. Maila honetan ere erdiak bakarrik lortu zuen proba amaitzea, alegia, 62 partaidek.

Pandemiaren eraginez, asteburu honetan ez dute lasterketarik izango kadeteek. Hurrengo asteburuan Arrespalditzan jokatuko dute Euskadiko Txapelketa.