Garazi Bergara garaile Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mar. 26a, 10:40

Garazi Bergara txirrindulari kadete zumaiarrak denboraldiko lehen garaipena lortu du. Zarautzen joan den igandean kadete mailako Gaztetxoak torneoko lasterketa jokatu zen –Hego Euskal Herriko kadete guztiak batera lehiatu ziren– eta Garazi Bergara bigarren urtekoa izan arren, lehen urteko mutilekin batera leihatu zen eta lehenengo neska izan zen helmugan.

Pelotoi nagusian ailegatu zen; bertan Anuk Gogenola ere helmugaratu zen. 106 ziklista izan ziren irteeran, eta 82k bukatu zuten; Lizar Tolosak ez zuen helburu hori lortu.

Bigarren urteko kadeteen lasterketan Mattin Salegik eta Andde Etxanizek lasterketa ona egin zuten, baina azken maldan igoera ona egin zuten arren, ezin ohorezko postuetan amaitu nahiz eta horretarako indarrak izan. Mattin Salegi 26.a izan zen eta Andde Etxaniz 40.a. 101 txirrindulari izan ziren irteeran, eta 83k lortu zuten bukatzea.

Kadeteek datorren larunbat arratsaldean Azpeitian izango dute lasterketa. Iraetatik Arroa Behera doan Katiako igoera bi aldiz gainditu beharko dute. 

Jubenilek aurreko asteburuan ez zuten lasterketarik izan, eta hutsune hori aprobetxatu zuten apirilaren 18an jokatuko den Gipuzkoa Klasika internazioanala prestatzeko. Jabetu ziren oso oso lasterketa gogor bati aurre egiteko pronto egon beharko dutela. Asteburu honetan Errenterian dute karrera. Igande arratsaldean izango da, eta mendate handien faltan, igoera txiki ugari izango dituzte. Gainera, hilaren 1 eta 4ean Euskalerria torneoko karrerak lehiatuko dituzte. Lasterketa hauek ibilbidez gogorragoak izaten dira, baita parte hartzaile kopuruari dagokionez ere, Euskal Herriko lasterkari guztiek izaten baitute parte hartzeko eskubidea.