Mattin Salegi onenekin Beasainen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mar. 18a, 11:00

Bosgarren sailkatu zen Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Mattin Salegi zumaiarra Beasaingo Usurbe proban. Taldeko onena izan zen. Lasterketak 51 kilometro zituen; eta azken kilometroetan, Olaberriako igoera pikoa, helmugarako lau kilometroren faltan.

Pelotoia bat eginda heldu zen Olaberria hasierara eta hantxe erabaki zen: Mattin Salegi irabazlearengandik hamar segundora helmugaratu zen bosgarren postuan. Andde Etxanizek lan ona egin ostean 28. bukatzea lortu zuen, eta Anuk Gogenolak ere zeharkatu zuen helmugako marra, 39. tokian. 93 txirrindulari izan ziren irteeran; helmugara 45 bakarrik ailegatu ziren. Eroriko batek lasterketatik kanpo utzi zuen Lizar Tolosa. Nabarmentzekoa da kadeteen abiadura; bataz besteko abiadura orduko 39,014 km izan zen. Abiadura benetan handia kadeteen mailarako eta mugitzen duten garapenerako. Sei taldek bakarrik lortu zuten puntuatzea, horien artean Viveros San Anton-Marduk.

Igande honetan Zarautz izango da Euskal Herriko kadete guztien bilgune, Gaztetxoak torneoko lasterketa jokatuko baita. Ibilbidea Zumaiako kadeteek ederki ezagutzen dute eta oraingoan abantaila hori izango dute, ohiko entrenamenduetako ibilbidean jokatuko baita lasterketa, amaiera goruntz izan arren –kostako bidetik etorri, bi zakila bila eta kostatik itzuli, Zarauzko kanpinaren lehen ranpan bukatzeko–.

Jubenilek Azpeitian lehiatu zuten. 77 kilometroko ibilbidea prestatu zuen antolakuntzak; oso ibilbide gogorra: Iraetatik Arroa gora bi aldiz igo, eta amaieran Altzarteko malda pikoa bi aldiz igaro ondoren, hortxe erabaki zen karrera. Altzartek galbahea pasa eta bakoitza bere tokian jarri zuen. Viveros San Anton-Marduko ziklistek ondo erantzun zuten, lasterketan adi ibili ziren eta bukaeran  Kimetz Etxabek 11. amaitu zuen, 14. izan zen Aitor Agirre, 16. Ander Altuna, 40. Enaitz Garai eta 88. Aritz Eizagirre.

128 ziklista batu ziren irteeran; amaitu 96k egin zuten. Taldeka, 18 talde izan ziren puntuatu ahal izan zutenak, eta zerrenda horretan, Gipuzkoa, Bizkaia, eta Arabako taldeen artean Viveros San Anton-Exclusivas Mardu bigarren sailkatu zen.

Asteburu honetan juniorrek ez dute lasterketarik izango, baina Zumaiako txirrindulari elkarteko kideek apirilaren 18an jokatuko den Gipuzkoa klasikoa prestatzeko erabiliko dute. Ibilbide gogorra izango du, eta garrantzitsua da ibilbide hori ondo ezagutzea, bertan Europako puntako txirrindulariekin neurtuko baitituzte indarrak etxekoek.