Bide onean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko mar. 12a, 09:00

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko juniorrek izan dituzte lasterketak pasa den astean. 

Pistako modalitateari dagokionez, Kimetz Etxabek Espainiako ligako lehen jardunaldian parte hartu zuen Tafallan. Lan ona egin zuen, laugarren postuan amaitu baitzuen sailkapen nagusian.

Puntuaketa irabazi zuen erakustaldia emanda, 60 itzuliko proban, 3 aldiz doblatu baitzituen aurkariak. 200 metroko modalitateari eta kanporaketari dagokionez 5. sailkatu zen Etxabe. Scratcha, aldiz, 13. bukatu zuen.  

Pistako egun gogorra igandea izan zen. Izan ere, Egiako lasterketan taldeak presentzia handia izan zuen. Hala ere, Kimetz Etxabe, Aitor Agirre eta Ander Altuna beti aurrean ibili ziren igandeko proban. Zumy saria oso lasterketa teknikoa da, eta bertako ezaugarriek beti aurrean eta erne ibiltzea eskatzen dute. 187 txirrindulari abiatu ziren eta 111k ez zuten lasterketa bukatu. Pelotoia 48 kidek osatu zuten, tartean Ander Altuna eta Aitor Agirre. Helmugarako azken maldan Ander Altuna 9.a izan zen, denbora berean Aitor Agirre 31. eta bezperako ahaleginaren zama oinetan aingura bihurtuta Kimetz Etxabek 75.bukatu zuen. 

Asteburuari begira, larunbat arratsaldean jubenilek Azpeitian izango dute lasterketa eta Altzarteko malda malkartsua bi aldiz igo beharko dute txirrindulariek. Oso oso gogorra izango da lasterketa. Kadeteek berriz Beasainen dute larunbat goizean lasterketa; horiek ere badute mendia bukaeran, helmugara iristeko Olaberriako igoera gainditu beharko baitute.

Aitor Oleaga

Brontzezko domina ekarri du Madrildik, txirrindularitza egokituko Espainiako pistako txapelketetatik. Euskadiko Selekzioarekin parte hartu du eta domina jazarpenean lortu arren, meritu handiko postuak ere lortu ditu (laugarren eta bosgarren ) taldekako probatan eta baita bakarkako besteetan ere. Pozik eta egindakoarekin gustora itzuli da Aitor Oleaga.