Errepideko denboraldia hastera

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko ots. 25a, 10:38

Zumaia izango da berriz ere Hego Euskal Herrian errepideko denboraldia hasiko duena. Zumaiako Txirrindulari Elkarteak egindako ahaleginari esker, aurten ere eta pandemian murgilduta, hartu beharreko babes eta osasun neurriak hartuta. larunbatean jokatuko da elite eta 23 urtez azpikoen lasterketa. 

XIII. edizioa izango du lasterketak, betiko ibilbidearekin. Aldaketa irteera gunean egongo da, izan ere, txirrindulari taldeak eta herritarrak babesteko, GKNko barruko parkina izango da ziklisten bilgunea eta GKNko zubian bertan emango zaio irteera neutralizatua lasterketari. 10:00etan hasiko da eta 12:30ak aldera irabazlearen izena ezagutuko dugu. Nabarmentzekoa da iaz aurrena izan zen Jon Barrenetxea eta bigarren izan zen Xabier Mikel Azparren, aurten biak ere profesionaletan dabiltzala, lehenengoa Caja Rural-Seguros RGA taldean eta bigarrena Euskaltel-Euskadin.

Pandemiak denboraldia baldintzatuko duenez, azken urteetako pelotoirik handiena izango dugu Zumaian, euskal taldeetaz gain, Kataluniatik, Valentziatik, Gaztelatik etorritako txirrindulariak ere etortzekoak dira; parte hartzeko eskaera oparoa izan da eta 190 txirrindulari inguru topa daitezke irteeran. Tropel horretara zumaiar bat ere bilduko da aurten; Mikel Mancisidorrek jubenil mailatik urratsa eman eta Eibar Energia Hiria-Debabarrena taldearekin estreinatuko du maila eta denboraldia. 

Antolakuntzatik zentzuz jokatzeko deia luzatu nahi zaie herritarrei, eta parte hartzaileei, eta COVID-19az babesteko neurriak betetzeko; bestalde eskertu nahi da Zumaiako Udalak, babesleek eta GKN enpresak erakutsi duten prestutasuna laguntzeko baldintza hauetan ez baita erreza horrelako lasterketa bat antolatzea.

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu

Behin Zumaian  afizionatuek denboraldia estreinatuta, igandean junior eta kadete mailako lasterketak hasiko dira, eta bertan ekingo diote errepideko denboraldiari Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistek.

Jubenilek, ohi bezala, Eibarren hasiko dute denboraldia. Lasterketa benetan exijentea izango da, azken kilometroetan San Migelko mendatea gainditu beharko baitute, igo, jaitsi Elgoibarrera, eta amaiera, gainera, Azitaingo industrigunean kokatu diete kilometro eta erdiko igoera pikuan. Sei txirrindulari izango dira aurten junior mailan, bigarren urtea osatuko duten lau, Kimetz Etxabe, Aitor Agirre, Ander Altuna eta Enaitz Garai eta lehen urteko bi, Aritz Eizagirre eta Heiko Mateos.
Kadeteek Donostiako Zuatzu industrigunean hasiko dute denboraldia 3,5 kmko bakarkako erlojuaren aurkako saioarekin. Esan daiteke errepideko denboraldiaren atarikoa (prologoa) izango dela Zuatzukoa. Kadete mailan lau txirrindularik osatuko dute Viveros San Anton-Mardu taldea: Andde Etxaniz eta Mattin Salegi bigarren urtekoak, eta Anuk Gogenola eta Lizar Tolosa lehen urtekoak.

Beste urtebetez Viveros San Anton eta Exclusivas Mardu izango dira Zumaiako Txirrindulari Elkartearen babesle nagusiak, eta krisi egoera zaila honetan eskertzekoa da kirolaren alde eta kasu honetan txirrindularitzaren alde berriz ere egingo duten ahalegina. Esfortzu horri txirrindulariek duten onena emanez erantzungo diote.