Zumaiako Txirrindulari Elkarteak kirola ezagutu nahi dutenak gerturatzera gonbidatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko ots. 1a, 14:45

Txirrindularitza ezagutu edota praktikatu nahi duen orori elkarteko kideengana zuzentzeko deia egiten diogu. Kirolaz gain, beste gauza asko egiten ikasten dira; besteak beste, naturarekin harremanetan jartzen, irabazi ala galdu errespetatzen edota ikasketekin kirola uztartzen.

2021 denboraldia hastear da, baina erabat baldintzatuta dator pandemiaren ondorioez. Egoera aldakorra da, baina segurtasun neurri zorrotzekin hasteko moduan gaude, beraz, txirrindularitza ezagutu eta praktikatu nahi duen orori dei egiten diogu Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kideongana zuzentzeko.

Kadeteak eta juniorrak urrian hasi ziren denboraldi berria prestatzen, litekeena baita otsailaren bukaeran lasterketen egutegia estreinatzea. Infantil, alebin eta aurten benjaminak izango direnek orain ekingo diete entrenamenduei, apirilean egoerak baimentzen badu, lasterketak hasteko. Beraz, 2012an jaioek edo lehenago jaiotakoek aukera izango dute ziklismoa ezagutzen hasteko. Kirol zoragarri honetara gerturatzera animatu nahi ditugu. Horretarako, jarri harremanetan Joseba Larrañagarekin (606-80 46 13).  

Zumaiako Txirrindularitza Elkarteak erraztuko du haurrari materiala maila hauetan, beraz, gasturik ez dute izango gurasoek lehen urte hauetan. Txirrindularitzan, kirola egiteaz gain, beste gauza asko egiten dira: norberaren gorputza ezagutu, naturarekin harreman zuzena izan eta errespetatzen jakin, taldekideak errespetatu eta lagundu, aurkariak irabazi ala galdu errespetatu, neskak eta mutilak berdintasunean lehiatu, arauak ikasi eta bete, elkarte bateko kide sentitu eta kolore horiek ordezkatzeak dakarren arduraz jabetu, kiroltasunez jokatzen ikasi, herri ezberdinak ezagutru, ikasketekin kirola uztartzen ikasi, antolatzen ikasi... Kirolaren bidez pertsonaren garapenean lagunduko dio haurrari ziklismoak, pertsonaren heziketan makulu garrantzitsua izango da txirrindularitza.

Animatu.