Ziklo krosa ere hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko urr. 15a, 11:08

Valentziako lurretan jokatu dira ziklo kroseko estatuko lehen lasterketak eta bertan izan da Ander Altuna (Viveros San Anton-Exclusivas Mardu). 

Larunbatean Aiacorren 10. sailkatu zen Altuna, eta igandean, berriz Espainiako Kopako lehen proba puntuagarrian, 25. amaitu zuen, irabazleak, Alain Suarezek, bi minutu eta erdi atera zizkiolarik. Emaitza hauekin Estatuko junior mailako rankinean 22. da Ander Altuna. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindularia ziklo kroseko lasterketetara joan zen Euskal Herrian junior mailako errepideko lasterketarik ez zegoela aprobetxatuz. 

Aurreko asteburuan kadeteek bakarrik izan zuten errepideko lasterketa. Larunbatean 136 txirrindulari elkartu ziren Segurako lasterketan; horietatik 82 bakarrik heldu ziren helmugara, beste guztiek ez zuten lasterketa bukatzerik izan, horien artean, Heiko Mateosek. Taldeko beste hirukoteak lasterketa amaitzea izan zuen helburu eta baita lortu ere, nahiz eta Lierniko gaina bi aldiz gainditu beharrak, pedal kolpe onak ematera behartu 15 eta 16 urteko txirrindulariak. Karrera azkarra izan zen, ia 39 kilometro orduko batezbesteko abiaduran osatu zuten lasterketa eta Mattin Salegi eta Aritz Eizagirre bigarren pelotoian helmugaratu ziren, 42. eta 44. postuetan. Andde Etxaniz zertxobait atzerago ailegatu zen 63. postuan. 

Asteburu honetan oso oso lasterketa gogorra izango dute kadeteek Lazkaon: Larraitz igoko dute aurrena Zaldibiatik, eta ondoren, bukaeran, Zaldibiatik Lazkaomendira abiatuko dira bi kilometro eskaseko horman barrena (%17ko pendiza du hasierako malkarrak). 

Jubenilek Mendaron Gipuzkoako txapelketa dute. Ibilbideko zailtasunik handiena: Kalbario. Bi norabideetan gainditu behar dute jubenilek Mendaroko lasterketan, non Gipuzkoako tituloa jokoan jarriko den.

Bestalde Aitor Oleaga, ezgaitasun fisikoa duen Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindularia Euskal Selekziora deitu dute Espainiako txapelketetan parte hartzeko: azaroaren 6-8 bitartean jokatuko dira txapelketak, Murtzian.