Kadeteen lasterketa larunbatean Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko urr. 2a, 08:22

Egutegian hutsune handiak ez izateko, Zumaiako Txirrindulari Elkarteak ahalegin berezia egingo du eta larunbatean Zestoan jokatzekoa zen lasterketa Zumaian antolatuko du, Joxe Mari Korta industrigunean hasiera eta amaiera emanez. Pandemia dela eta Zestoako antolatzaileek ezinezkotzat jo dute karrera herrian antolatzea, bertan bizi den egoera kontutan hartuta, eta ibilbide bera errespetatuz –horrela Trafikotik baimena lortzea errazagoa izanik–, Zumaian antolatuko da lasterketa baina karrerak irteera eta helmuga Korta industrigunean izango du.

Lasterketan 120 txirrindulari inguru izango dira, bertan gipuzkoarrez gain bizkaitar asko, arabarren bat eta Burgosko talde batek ere eman dute izena parte hartzeko. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da proba, hiru zakila bira emango dira eta azkenekoan Oikia auzoa zeharkatuko dute ziklistek. Handik zuzenean Bedura aldera jo eta lasterketari amaiera emateko.  Zumaia-Arroa-Iraeta-Oikia norabidean emango dira itzuliak.

Joan den igandean Gipuzkoan lasterketarik ez eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak Atarrabian izan ziren. Goizean goiz kadeteen lasterketa jokatu zen eta taldetik Mattin Salegik bakarrik bukatu zuen karrera; bukatu lehenengo multzoan bukatu gainera, lasterketa bikaina osatuz. Kadeteen ondoren jubenilek korritu zuten. Eroriko batean, min ez hartu arren, jokoz kanpo utzi zuen Mikel Mancisidor; Ander Altunak arazo mekanikoak izan zituen egoera horretatik aurrera, baina lasterketa bukatzea lortu zuen; Aitor Agirreren hankek bezperako paliza ordaindu zuten; eta lasterketa zoragarria egin zuen Enaitz Garaik. Aretxabaletakoak asteburu bikaina osatu zuen. Atarrabian, irabazlearen ondoren helmugaratu zen lehen taldetxoan ailegatu zen helmugara; ibilbidea oso oso exijentea; ibilbide gorabeheratsuaz gain haizeak indarrez astindu zituen bazterrak eta haize babesak ere sortu ziren. Oso oso zaila izan zen lehen multzoan eustea eta Enaitz Garaik lortu zuen.

Bezperan, larunbatean, oso oso eguraldi negutiarrarekin Antzuolan Uzarragako igoera jokatu zen; Viveros San Anton-Exclusivas Marduko laurek bukatu zuten lasterketa.  Onena Enaitz Garai izan zen, lehen multzoan heldu zen, Deskarga gainditu eta Udana jaitsi ondoren. Oñati bidean saiatu ere saiatu zen lehen multzotik ihes egin eta lasterketa buruarekin bat egiten, baina ez zioten pelotoikoek horretarako baimenik eman. Ander Altuna eta Mikel Mancisidor beren mailan ibili ziren eta nabarmentzekoa Aitor Agirreren lasterketa, izan ere lauean kanbioaren kablea hautsi eta mendateak piñoi txikian gainditu behar izan zituen, izugarrizko indarra, kemena eta kasta erakutsiz. Horregatik genion igandean hankek ordaindu zutela bezperako lan eskerga.

Asteburu honetan bi lasterketa izango dituzte jubenilek: larunbatean Lazkaon; Orengain Alegitik hiru aldiz igoko dute eta lasterketak amaiera Lazkaomendin izango du Zaldibidik igota. Benetako horma da amaierako igoera hori. Igandean, berriz, Maeztuko klasika jokatuko da. Estatuko taldeak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera eta Zumaiako Txirrindulari Elkarteak gonbidapena jaso duenez hantxe izango da maila handiko karrera honetan parte hartzen.

Kimetz Etxabe pistako txapelketan

Errepidean parentesi bat ireki eta Euskadiko selekzioarekin lehiatu da Kimetz Etxabe pistako Espainiako Txapelketetan. Egia esan behar bada ez dira emaitzak uste zirenak bezalakoak izan; Anoetako belodromoan baino denbora kaxkarragoak egin zituzten ziklista euskaldunek, horien artean Kimetz Etxabek. Taldekako finaletan bai abiaduran eta baita jazarpenean ere Euskadik zilarra lortu du. Urrea uste baino urrutiago gelditu zaie eta bakarka, jazarpenean, 10. sailkatu zen debarra, 7. kanporaketan. Emaitza onak dira baina prestatuta zerbait gehiagorako zegoen eta arantzatxoarekin itzuli da Tafallatik Kimetz Etxabe.