Kimetz Etxabe seigarren eta Aitor Agirre 14. Gipuzkoako erlojauren aurkako txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko ira. 25a, 12:30

Erlojauren aurkako gazte mailako Gipuzkoako txapelketak maila handia izan du, belaunaldi ona dago eta etorkizunerako otar on bat egiteko kalitatezko zumitzak daude.

Gipuzkoako 15 junior onenek jokatu zuten txapelketa, eta horien artean  Viveros San Anton-Exclusivas Marduko bi txirrindulari ziren: Kimetz Etxabe eta Aitor Agirre, biak ere lehen urteko jubenilak. Kimetz Etxabek lan ona egin zuen eta seigarren amaitu zuen. 18,5 kilometroko ibilbidea osatuta, podiumetik 54 segundora geratu zen. Aitor Agirrek ez zuen bere egun onena izan, eta entrenamenduetan baino okerrago moldatu zen lasterketa egunean: 14. sailkatu zen 2 minutu eta 27 segundora.

Alegin igandean jokatu zen bakarkako erlojuaren aurkakoa, baina bertan parte hartu ez zuten juniorrek bi lasterketa izan dituzte asteburuan. Larunbatean Seguran lasterketa izan zen. 91 txirrindulari abiatu ziren eta 39k bakarrik bukatu zuten, matxuraz eta erorikoz jositako karrera izan baitzen –32 zulatu izan ziren pelotoian–. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldetik Ander Altunak bakarrik amaitu zuen , 35.a izan zen. Aitor Agirrek bi zulatu izan zituen eta bide bazterrean gelditu zen; Enaitz Garai eguneko ihesaldian sartu zen baina gero gogotik ordaindu zuen lasterketa erdirarte egindako ahalegina eta abiadura. Mikel Mancisidorrek euria eta hotzaren ondorioz, gorputzaldi txarra jarri eta ezin izan zion egoerari buelta eman. Igandean, berriz, Otxandion korritu zuten. Hemen ere broma gutxi! 109 kmko ibilibdea eta ibilbide horretan hiru mendate, 78 ziklista irteeran eta 45 bakarrik amaieran; horien artean, Enaitz Garai eta Mikel Mancisidor, Ander Altunak ezin izan zuen helmugako marra zeharkatu. Kadeteek ez zuten aurreko asteburuan lasterketarik izan.

Datorren asteburuan ez dago atsedenerako modurik. Kimetz Etxabe pistako Espainiako txapelketetan ari da parte hartzen Euskadiko selekzioarekin. Errepidean larunbatean jubenilek Antzuolan parte hartuko dute. Uzarragako auzoan, malda tentea gainditu ondoren izango du lasterketak amaiera, baina hara heldu aurretik Deskarga ere igo beharko dute txirrindulariek.

Igandean berriz jubenilek eta kadeteek Atarrabian dute lasterketa.