Aitor Agirre bikain Liernin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko ira. 10a, 11:17

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulari kadete eta jubenilek aurrera segitzen dute denboraldi berezi honetan. Aurreko asteburuan igandean izan zituzten lasterketak.

Jubenilak igande goizean Liernin lehiatu ziren. Karrerak bi zati izan zituen: iraupenekoa eta erlojupekoa. 138 txirrindularik parte hartu zuten iraupeneko lasterketan eta Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko hirukotea bikain ibili zen, lehen unetik pelotoi buruan, elkarlanean eta egoera kontrolatuz. Azkenean bakoitzaren indarrek erabaki zuten sailkapena, 55 kilometroko ibilbideak bost mendate baitzituen; abiadura handian egin zuten karrera, 39’123 kilometro orduko.

Aitor Agirre 13. sailkatu zen irabazlearengandik 48 segundora, Mikel Mancisidor 26., eta Enaitz Garai 46., bi minutura. 138 txirrindulari abiatu baziren, lasterketa 101ek amaitu zuten. Nabarmentzekoa da Viveros San Anton-Exclusivas Marduko hiru txirrindularien emaitza.

Iraupeneko lasterketaren ondoren  lau kilometroko erlojuaren aurkakoa jokatu zen, Seguran hasi eta Lierniko gainean amaituz. 40 txirrindulari onartu zituzten parte hartzeko, eta horien artean Aitor Agirre laugarren sailkatu zen, irabazlearengandik zazpi segundora, eta bigarrenarengandik segundo bakar batera; Mikel Mancisidor 33.a izan zen, 46 segundora. Bi proben batuketa eginda, Aitor Agirre 9. a izan zen eta Mikel Mancisidor 28.a. Taldeka, parte hartu zuten 18 taldeetatik zazpigarren sailkatu ziren zumaiarrak.

Igande arratsaldean kadeteek Urretxun izan zuten Gipuzkoako txapelketa. Ibilbide gogorra, baina Zumaiako txirrindulari elkartekoek ederki osatu zutena. Denboraldiko lasterketarik onena osatu zuten: pelotoi buruan lanean, ihesaldi ahaleginak eginez, etab. Txirrindulari gipuzkoarrek bakarrik parte hartu zuten, eta 71 izan ziren irteeran; guztiek ez zuten amaierako marra zeharkatu, 57k bakarrik, eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko laurak heldu ziren amaierara.

Andde Etxaniz izan zen taldeko lehena 30. tokian; hiru minutu atera zizkion irabazleak; Mattin Salegi 34. sailkatu zen, 35. Aritz Eizagirre –hauek 4 minutura heldu ziren–, eta 56.a izan zen Heiko Mateos, 6 minutura. Taldeka 11 taldek lortu bazuten puntuatzea, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu 8.a izan zen.

Iraganeko kontuekin amaitzeko, Kimetz Etxabe aipatu behar, igandean Euskadiko selekzioarekin Mallorcan korritu baitzuen Espainiako junior mailako txapelketa. Selekzioarako lana egitea tokatu zitzaion debarrari, azkenean ezin izan zuen karrera bukatu.

Asteburu honetan jubenilek Oñatin dute lasterketa, larunbatean; igande arratsaldean Azpeitian dute hitzordua kadeteek, Etumetako malda piko eta luzea izango dutelarik amaierako zailtasun erraldoia. Jubenilen karrera ez da erraza: 83 kilometro ditu eta lau mendate ibilbidean: Udana, Atagoiti bi aldeetatik, eta Arregi gaina bukaeran. Arregi gaina motza da baina oso-oso pikoa; hortxe erabakiko da larunbateko lasterketa.

Momentuz denboraldia kadete eta jubenilentzat segurtasun protokoloak beteaz aurrera doa. Ez da hori infantil eta alebinen kasua: denboraldia hutsean gelditu da, urtarriletik aurrera hasi beharko da 2021a prestatzen, ahal bada behintzat.