Kimetz Etxabe lehen urteko lehena Gipuzkoa Klasikan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko ira. 3a, 11:06

Junior mailako denboraldiko lasterketarik nagusiena da Gipuzkoa Klasika, eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek klasika on bat egin zuten. Lau txirrindularik osatu zuten Klasikan taldea, eta laurek amaitu zuten.

Karrera gogorra baldin bada, aurtengo eguraldi baldintzek askoz ere gogorragoa egin zuten, euri erauntsia lasterketa guztian zehar etengabea izan baitzen. 163 ziklista izan ziren irteeran, eta 78k bukatu zuten: horrek argi asko adierazten du lasterketaren gogortasuna zenbatekoa izan zen. Baldintza gogaikarrietan jokatu zen, erorikoak eta matxurak kontaezinak, eta Viveros San Antob-Exclusivas Marduko ziklistek zailtasunak gainditu eta adorez egin zioten aurre egoerari. 29 talde parte hartzaile ziren, eta bik bakarrik lortu zuten beren kide guztiekin helmugaratzea: euskadiko selekzioak eta Viveros San Anton-Exklusivas Marduk. 

Klasikak  115 kilometro zituen, eta azken 30 kilometroetan hiru mendate bata bestearen atzetik. Gora heltzerako jada bakandua egina zegoen, pelotoian erritmo bizian ibili baitziren ziklistak lasterketa osoan. Une erabakigarria heldu zenean Kimetz Etxabe, Enaitz Garai, Aitor Agirre eta Mikel Mancisidor talde nagusian ziren. Garai, Agirre eta Mancisidorrek ardura izan zuten taldean aurrean ibiltzeko eta baita ondo bete ere; mendateak heldu zirenean eta karrerako faboritoak mugitzen hastean Kimetz Etxaberen ardura zen, ahal izan ezkero haiekin izatea. Debarra 11. Sailkatu zen, eta lehen urteko lehena izan zen Beasaingo helmuga tokian. Lasterketa datozen bost urteetan UAE Emirates taldean izango den Juan Ayusok irabazi zuen. Estatu espainiarreko harri bitxi bat da Europako txapelketan zazpigarren linean eta bosgarren erlojuaren aurka amaitu ondoren Beasainen erakustaldia eman zuen ziklista. Asteburu honetan Mallorkan Espainiako txapelketa jokatuko da, eta dena ondo bidean Ayusok irabaziko du. Espainiako txapelketa horretan izango da Kimetz Etxabe, Euskadiko Selekzioarekin bertara joana baita. 

Kimetz Etxabe Espainiako txapelketan den bitartean, gainontzekoek Lierniko lasterketa izango dute. Bi zati dituen karrera da, igande goizeko lehen orduan ohiko proba –laburra baina aldapaz betea– eta horko lehen 40ek ondoren erlojuaren aurkakoa izaten dute Segura eta Lierni artean.

Kadeteek Urretxun dute lasterketa: Gipuzkoako txapelketa izango da igande arratsaldekoa. Bertan izango da Viveros San Anton-Exclusivas Mardu lau txirrindularirekin: Heiko Mateos, Aritz Eizagirre, Mattin Salegi eta Andde Etxaniz. Gipuzkoako txapelketa denez, gogortasun faltarik ez du lasterketak, baina prestatuta daude lau taldekideak lehiarako.