Zumaia Sarian onena eman nahi dute bihar Viveros San Antoneko txirrindulariek

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko abu. 21a, 10:08
Viveros San Antoneko Mattin Salegik lasterketa onak egin ditu Nafarroan.

Bihar, larunbata, kadete mailako Zumaia Saria txirrindularitza lasterketa jokatuko da, 10:00etatik aurrera.

Nafarroan kadeteen hiru lasterketa jokatu ostean, Gipuzkoako lehenengoa dator eta, beste inon ez dagoenez karrerarik, parte hartzeko eskaera ikaragarria izan da. Azkenean, euskal taldeetara mugatu behar izan da parte hartzea eta, hala ere, historikoa izango da: 42 talde ezberdinetako 182 txirrindulari izena emanda, azkenean 160, gutxi gorabehera, parte hartuko dutenak. Eta, horien artean, Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak: Mattin Salegi, Aritz Eizagirre, Heiko Mateos eta Andde Etxaniz (estreineko lasterketa izango da Andderentzat). Ibibideari dagokionez 55 kilometroko luzera duen lasterketa prestatu du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak: itzuli bat bariante edo saihesbidetik eta ondoren hiru zakila bira.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko taldea Nafarroako hiru lasterketetan izan da. Aritz Eizagirrek matxura eta erorikoekin nahikoa lan izan du eta, ondo ibili arren, ez du lasterketarik bukatzerik izan. Heiko Mateos ez da nahi bezala ibili eta ez du lasterketarik bukatu. Mattin Salegi izan da karrerak bukatzea lortu duen bakarra.

Taldeko lau txirrindulariak oso-oso motibatuta daude orain arteko lasterketarik onena etxeko proban egin eta lehen multzoan helmugaratzeko, horretarako gaitasuna badute eta. Zumaiako lasterketaren ondoren, Gipuzkoan egutegia osatuko da, astebururo lasterketak izango dira okerrik ezean, eta guztira, hamar lasterketa inguru jokatuta amaituko dute kadeteek denboraldia urrian.

Jubenilek ez dute lasterketarik aste honetan. Hurrengo hitzordua Gipuzkoa Klasika izango dute, hilaren 30ean, Beasainen. Hau da Euskal Herrian jokatzen den junior mailako lasterketarik nagusiena, non Estatuko onenek parte hartzen duten eta Estatutik kanpoko ziklistak ere gerturatzen diren. Oso karrera gogorra da, 115 kilometro eta bost mendaterekin; beraz, mimoz prestatu beharrekoa.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko jubenilak oso denboraldi polita egiten ari dira: Kimetz Etxabe lehen postuetan nabarmentzen hasi da, joan den astean bertan Euskadiko Txapelketan bosgarren sailkatu zen, oso oso lasterketa exijentean. Kimetz Etxabe buru delarik, taldekideak ikasten ari dira talde lana egitea zer den, lasterketa kontrolatzea, ihesaldietan sar tzea eta talde buruari babesa ematea egokitzen ari baitzaie.

Ander Altunak eskuin besoan lesio larria du, Iruñerriko itzulian erorita; zuntz haustura batek luzarorako utzi du lasterketetatik kanpo. Beraz, Mikel Mancisidor, Enaitz Garai eta Aitor Agirre dira taldeari ikusgarritasuna ematen ari direnak. Mancisidorrek bere bigarren urtean urrats handia egin du eta, lehen lasterketak amaitzeko larri ibiltzen bazen, orain amaitu bakarrik ez, protagonismoa ere hartu du pelotoian.

Euskadiko Txapelketan 163 ziklista izan ziren irteeran eta 69k bakarrik amaitu zuten, horien artean Kimetz Etxabe (5), Mikel Mancisidor (36) eta Aitor Agirre (41). Euskadiko Txapelketaren biharamunean Villatuertako “labean” korritu zuten. Kimetz Etxabe lasterketako lehen multzoan helmugaratu zen eta Mikel Mancisidor haiengandik gertu. Agirrek eta Garaik ez zuten lasterketa bukatzerik izan bezperako ahalegina gogotik ordaindu baitzuten. Pelotoian itzala duen taldea da Viveros San Anton-Exclusivas Mardu eta, lautik hiru lehen urtekoak izanik, asko baloratu behar da Etxabe, Garai, Mancisidor eta Agirre egiten ari direna.