Etxeko karrera

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko abu. 7a, 16:00

Igandean, Zumaian, junior mailako 42. Zumaia Saria jokatuko da, Joxe Mari Kortaren oroimenezkoa. Euskal Herri osorik etorritako 180 txirrindulari elkartuko dira, baita Euskal Herritik kanpokoak ere.

Covid19aren aurkako segurtasun neurriak eta protokoloak zuhurtziaz beteko dira, antolatzaile eta parte hartzaile guztiei lasterketa aurretik tenperatura hartuko zaie eta musukoaz karrera bitartean ez, baina bestela uneoro jantzita erabili beharko da, eta metro  eta erdiko distantzia gorde beharko da.

Urte berezi honetan, geldialdiaren ondoren, gure jubenilek hiru aste daramate lehiatzen; tartean Iruñerriko Itzulian ere parte hartu dute. Emaitzak ere hasi dira heltzen. Lizarran bosgarren posturako esprintean eroriko itsusia izan zuen Kimetz Etxabek. Lasterketa horretan Mikel Mancisidor eguneko ihesaldiko protagonista izan zen. Iruñerrian bigarren etapan Aitor Agirre ibili zen ihesita; talde osoak lan ikaragarria egin zuen, eta azkenean, Goldaratzeko malda pikoan, Kimetz Etxabe hamalaugarren sailkatu zen. Azken etapan gauzak ez ziren nahi bezala irten; 42 gradu irteeran, 24 bukaeran, ekaitza handi baten bisitarekin. Azkenean, itzulia Kimetz Etxabek hamabosgarren bukatu zuen.

Egun bateko atsedenaren ondoren, Berriatuan, larunbatean, karrera Izugarria egin zuen talde osoak, beti ondo kokatuta; Kimetz Etxabek hirugarren amaitu zuen, eta 114 ziklista baziren irteeran, 52k bakarrik bukatu zuten. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko lau ziklistak 28 lehenen artean sailkatu ziren; taldeka bigarren izan zen.

Sasoi punta horrekin helduko dira etxeko karrerara, ilusioz beteta lan on bat egiteko. Lau txirrindulari izango dira: Enaitz Garai, Kimetz Etxabe eta herriko bi seme: Mikel Mancisidor eta Aitor Agirre. Ander Altuna, Iruñerriko Itzulian erori ondoren, min hartuta atsedenean da, ahalik eta azkarren errekuperatzeko.

10etan hasiko da igandean lasterketa eta 12:30erako bukatuta izango da. Bi zakila buelta eman ondoren, Zarauztik Meaga igo eta Zakila buelta osatuko da. Ondoren, berriz ere Zarauztik Meaga igoko dute, baina oraingoan Muniosorotik Zumaiarako bidea hartuko da; Oikia zeharkatuko dute Beduako repetxoa gainditu baino lehen, eta hortik helmugara ziztu bizian. Helmuga, beti bezala Axular ibiltokia izango da, Zumaiena ikastetxe parean.

Kadeteak

Kadeteak ere martxan dira. Joan den igandean, Tafallan, bertan behera utzi zen lasterketa, erorikoen ondoren anbulantziarik gabe gelditu zen eta lasterketa. Hiru anbulantzia karreran eta hirurek eramateak izan zituzten erietxera. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Aritz Eizagirre lehen multzoan zihoan lasterketa bertan behera gelditu zenean. Larunbatean Legarian (Nafarroan) dute karrera gogorra.