Aurten ere Zumaiak estreinatuko du Hego Euskal Herriko afizionatuen denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko ots. 27a, 11:29

Larunbatean goizeko 10etan emango zaio irteera XII. Zumaia Sariari. Lasterketa Euskaldun torneoko egutegiko lehena da. Beraz, elite eta 23 urtez azpiko txirrindularientzat da. Euskal Herri osotik, eta estatu espainiarreko beste lurraldeetatik ere etorriko dira ziklistak Zumaiako lasterketara.

Karrerak bere esentzia ez du galdu eta denboraldian zehar gutxitan bezala, esprinterrek aukera garbi garbia dute garaipena lortzeko. Halaxe gertatu da aurreko 11 edizioetan; beti esprintean erabaki da garailea. Ibilbideak 122,5km ditu. Aurrena saihesbidetik hiru itzuli emango dira, eta ondoren sei zakila bira: Zumaia, Bedua, Oikia, Muniosoro, Aizarnazabal, Iraeta, Arroa, Narrondo eta Zumaia. Kilometro horiek osatuta, Axular etorbidean erabakiko da lasterketa.

Afizionatu mailako euskal txirrindularirik onenak bertan izango dira; pelotoia asko aldatu da, txirrindulari asko pasa baita profesionaletara, Kern Pharma, Caja Rural-Seguros RGA izan dira gorantzako atea afizionatuei gehien ireki dieten taldeak. Ondorioz, Lizarte eta Caja Rural afizionatuek oso talde gazteak dituzte. Pelotoiko talderik zaharrena, Baque ere, Zumaian izango da, 42. denboraldiari hasiera emanez; Euskaltel-Euskadiren filiala, Laboral Kutxa, ere parte hartzaileen artean izango da; bailarakoa den Eulen taldeak ez du huts egingo, ezta ere Eibar-Debabarrenak, Telcomek, Aiarabikek, Iza-Maestrek, Eiser-Kirumetek, Zabalgarbik eta Hostal Latorrek.

Lasterketa polita eta ikusgarria da, zaleek ere asko gozatzen dutena, txirrindulariak askotan ikusteko aukera ematen baitu eta hori ez da oso ohikoa afizionatuen lasterketetan. 200 txirrindulari inguru espero dira irteeran eta ia guztiek lortuko dute amaierako helmuga pankarta zeharkatzea, hori ere erakargarria da ziklistentzat, batez ere junior mailatik igo berriak direnentzat. Aurten ez da zumaiarrik izango parte hartzen.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak lasterketa honetan omenaldi xume bat egingo dio Jon Agirreri, bertan ziklismoko lehen urratsak eman eta profesionaletaraino heldu delako, Kern Pharma taldearekin debutatu du jada. Bera izango da sari banaketan protagonista.

Jubenilak estreinatu dira errepidean

Eibarren eman zioten igandean errepideko denboraldiari hasiera jubenilek. Kimetz Etxabek matxura baten ondorioz ezin izan zuen lasterketa bukatu, pena handiz, pedal kolpe onarekin baita, eta taldetik indartsuena delako ibilbidea ikusita.

Viveros San Anton-Mardu taldeko beste laurek oso karrera ona egin zuten; beti ondo kokatuta ibili ziren pelotoian, zenbaitetan erasoan ere bai. Gero San Migelko malda izan zen neurria hartu ziena, baina igoerek jaitsiera dakarte normalean eta aparteko trebezia erakutsi zuten Viveros San Anton-Marduko ziklistek maldan behera, igoeran galdutako denbora dexente jaitsieran berreskuratuz.

78 kmko karrera izan zen, San Migelko maldarekin, eta hala ere 41, 416 km/orduko abiadura lortu zuten. Ander Altuna izan zen azken sailkapenean onena, 17. helmugaratuz irabazlearengandik minutu eta erdira; multzo berean ailegatu zen Aitor Agirre, 26. sailkatuz; pixka bat atzerago Mikel Mancisidor eta Enaitz Garai, 41. eta 42. izan ziren 3 minutura. Taldeka Viveros San Anton-Mardu bederatzigarren izan zen.

Asteburu honetan elkarteko txirrindulari guztiek dituzte lasterketak: alebin eta infantilen mendiko bizikletekin Itsasondon; kadeteek larunbat arratsaldean Donostiako Ibaeta auzoan estreinatuko dute denboraldia, eta jubenilek igande goizean Elgoibarren dute hitzordua.