Errepideko denboraldia estreinatzera

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko ots. 21a, 11:19

Kimetz Etxabe Viveros San Anton-Mardu taldeko ziklistak aurreko asteburuan pistako Espainiako Kopan ez zuen emaitza onik lortu; ez zuen egun ona izan eta sailkapenean atzera eginez, galdutzat eman behar izan zuen ohorezko postuetan amaitzea. 

Azkenean zazpigarren tokian sailkatu da. Madisoneko Espainiako txapelketa, berriz, Jaime Romerorekin bikotea osatuz, bukatu ezinda gelditu zen eroriko baten ondoren. Podiumerako faboritoak ziren, baina zortea ere alde izan behar izaten da eta eguna trakets datorrenean, zortea ere ez da aldeko izaten.

Etxabek Espainiako txapelketak prestatuko ditu, aste santuan Tafallan jokatuko den ekitaldira ondo heltzeko, baina bitartean taldekideekin errepidean izango da.

Eibar, jubenilen lehen hitzordua

Eibarko inguruetan izan diren gorabeheren ondoren, azken orduko bestelako erabakirik ez bada, igandean bertan estreinatuko du Viveros San Anton-Mardu taldeak errepideko denboraldia. Goizeko 9.45ean hasiko da lasterketa junior mailako ziklistentzat eta bertan izango da Zumaiako taldea bost ordezkarirekin, talde osoarekin: Enaitz Garai, Kimetz Etxabe, Ander Altuna, Mikel Mancisidor eta Aitor Agirre. 

Karrera oso gogorra dute lehenengo hau: 80 kilometro, eta ibilbidean, helmugatik gertu, San Migel mendatea. Eibar-Bergara-Maltzaga –Soraluze eta Osintxuko repetxoekin– eta ondoren Debarantz joango dira ziklistak. Hortik Etxabarriraino etengabeko goruntzako joera du bideak, eta errematerako San Migelko malda luze eta gogorra; jaitsi eta Elgoibartik Eibarrera zuzenean. Esperientziak erakusten du irabazlea bakarrik helduko dela, eta ondorengo sailkatuak ere bai. 

Viveros San Anton-Mardu taldeko ziklistak gogotsu eta ilusioz beterik daude, nahiz eta oraindik ere sasoiko ez izan, helburuak aurrerago jarriak baitituzte. Garrantzitsua da sentsazio onekin ibiltzea eta emaitzetaz haratago horixe izango da Eibarko lasterketan bilatuko dutena, denboraldiko lehen lasterketan. Eibarko probarako balioko du neguko lanak, beste txirrindulariekiko non kokatzen dituen Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kideak ikusteko. Eibarren hasi eta jubenilen denboraldia irailaren erdian bukatuko da, Oñatin; zazpi hilabetez luzatuko da jubenilen errepideko denboraldia.