Babesle berriarekin eta ilusioz beteta hasi du 2020 urtea Zumaiako Txirrindulari Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko urt. 10a, 14:00

Viveros San Antonez gain, Exclusivas Mardu ere batu egin da Zumaiako Txirrindulari Elkartera. Lau urterako hitzarmena sinatu dute Zumaiako T.E.ak eta Marduk. Taldeak ondorioz etorkizunean Viveros San Anton-Mardu izena izango du.

Horrezaz gain taldea laguntzen duten beste etxe guztiek ere baiezkoa eman dute babesa ematen jarraitzeko: Galdona burdindegia, Bidetik Fundazioa, Turbina bizikletak, besteak beste. 

Egoera berri honekin hasi da 2020a eta indartsu hasi dela esan daiteke; asteburu honetan, ziklo krosean, Ander Altuna Espainiako txapelketan dugu Pontevedran; pistan Aritz Eizagirre, Kimetz Etxabe, Aitor Agirre et Mikel Mancisidor Gipuzkoako txapelketetan Donostian, eta ziklismo egokituan Aitor Oleaga Galapagarren Espainiako txapelketan (asteburu bete betea).

Aurreko asteburuan Euskal Herriko ziklo kroseko agurrekoan, Ormaiztegin, kadete mailan Heiko Mateos 22. sailkatu zen (luzea egin zaio denboraldia), eta junior mailan Ander Altunak, podiumeko borrokan ibili behar zuen txirrindulariak, matxura izan (patila hautsi zuen) eta, buru makur, lasterketa osatzearekin konformatu behar izan zuen 26. bukatuz. Asteburuan arantza ateratzeko modua izango da Pontevedran, Espainiako txapelketan, Euskadiko selekzioarekin.

Pistan, asteburu honetan Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira eta bertarako sailkatzeko Aritz Eizagirrek lasterketa ederrak egin zituen aurreko igandean. Kanporaketan seigarren eta puntuaketan hirugarren sailkatuz, urrats erraldoia eman zuen sailkapen nagusian, eta txartela lortu zuen Gipuzkoako txapelketarako. Mattin Salegik bikain lagundu zion Eizagirreri; horrela bere sailkapenak ez ziren hain onak izan, karrera bikainak egin arren.

Junior mailan, Kimetz Etxabek beste behin ere Gipuzkoan pistan dagoen ziklistarik onenetakoa dela erakutsi zuen, nahiz eta bere gurpila oso zaindua izan. Etxabe seigarren sailkatu en scratchean eta laugarren puntuaketan. Mikel Mancisidorri lana egitea tokatu zitzaion, eta egin beharrekoa bikain egin zuen: 19. scratchean eta 22. puntuaketan. Aitor Agirre Gipuzkoako selekzioarekin Bordelen izan zen maila oso onean leihatuz,azken sailkapenean 14. izan zen; goizeko lasterketan nabarmendu zen, nekeak menderatu zuen arratsaldean, lasterketak ezin borobilduz. Baina Agirrerentzat esperientzia aberasgarria izan zen Bordeleko roben maila, Gipuzkoakoak baino askoz ere handiagoak baitira.

2020an Viveros San Anton-Marduk txirrindularitza egokitua praktikatzen duen Aitor Oleagari lagunduko dio; asteburu honetan Galapagarren izango da ziklismo egokituko Pistako Espainiako txapelketetan.