Sevilla eta Valentzia, pistako eta ziklo kroseko jomugak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko abe. 13a, 18:12

Asteburu berezia izango da Viveros San Antongo txirrindularientzat; Kimetz Etxabe Euskadiko selekzioarekin Sevillan izango da pistako Espainiako Kopako lehen jardunaldian; Valentzian korrituko du Ander Altunak ziklo kroseko Espainiako Kopako azken lasterketa, larunbatean, Xativan, eta Viveros San Antongo beste txirrindulariek Euskal Herrian izango dituzte karrerak: pista Donostian eta ziklo krosa Urdiainen eta Oñatin.

Aurreko asteburua ez zen bat ere ondo hasi; ostiralean errepidean entrenatzen ari zela Kimetz Etabe erori egin zen. Aurpegian eta ezker aldean hartu zuen min, baina erietxean hausturarik ez zuela baieztatu ondoren etxeratu zen ondorioekin. Larunbatean ez zen pistako jardunaldian parte hartzeko moduan izan eta igandean ahalegin berezia egin zuen taldekako Gipuzkoako Kopan parte hartzeko. Egia da parte hartu ez balu taldeak ezingo lukeela korritu. 

Kimetz Etxabek jazarpena bakarrik korritu zuen, eta gorputza mailatuta izan arren, oso maila ona eman zuen lasterketa irabaziz eta taldeari puntu garrantzitsuak emanez.  Aitor Agirrek scratchean bigarren helmugaratzea lortu zuen eta Aritz Mancisidorrek, kadetea izan arren, jubenilekin parte hartu eta keirinean bigarren sailkatzea lortu zuen. Puntu batuketa eginda Gipuzkoako taldeen artetik aurrena da Viveros San Anton, baina ez sailkapen burua, Bizkaiko selekzioa eta Nafarroakoa aurretik baititu. Gipuzkoako Kopako bigarren jardunaldia urtarrila bukaeran jokatuko da.

Larunbatean, Bioracer challengeko jardunaldia nabarmentzeko lasterketa izan zen. Puntuaketan Aitor Agirrek egin zuen, erasora jokatu, bere aukerak aprobetxatu eta laugarren sailkatu zen; bizkarra ondo babestu zion Mikel Mancisidorrek. Kadete mailan, B txandan, Aritz Eizagirrek denboraldiko lasterketarik onena egin zuen, ihesi puntuaketan eta gertu ibili zen itzulia hartzetik; etsi, eta azken sailkapenean 4. amaitu zuen, asteburu honetan A txandan parte hartzeko eskubidea bereganatuz. Mattin Salegik, oraingoan eroso, ez zuen arazorik izan taldean amaitzeko lasterketak, bai tempoa eta baita puntuaketa ere.

Pistan, asteburu honetan, larunbatean izango dira karrerak, gure mugetatik urrun, Sevillan, parte hartuko du Kimetz Etxabek. Omniuma leihatuko du Viveros San Antongo ziklistak, kasu honetan Euskadiko mailota jantzita.

Ziklo krosa

Ziklo krosean denboraldia aurrera doa, eta Espainiako Kopa asteburu honetan amaituko da Valentzian; bertara joana da Ander Altuna igandean Valentzian parte hartzeko, eta, bidaia aprobetxatuz, larunbatean Xativan ere korritzeko. 

Aurreko asteburuan, bai Amezagan eta baita Igorren ere, lasterketa onak egin ditu nahiz eta emaitzak ez izan nahi bezalakoak. Amezagan 17. sailkatu zen, matxura baten ostean ohorezko tokiak galduta. Kadete mailan Heiko Mateos 24. sailkatu zen. Oso, oso zirkuitu teknikoa zen Amezagakoa. 

Arabako lasterketari lekukoa Igorrek hartu zion igandean, non Ander Altunak leku ez egokian zulatua izanda aukera guztiak galdu zituen, baina lasterketa bukatzea lortuzuen, atzera xamar bazen ere; 36. sailkatu zen (74 ziklista izan ziren irteeran), eta kadete mailan 32. helmugaratu zen Heiko Mateos (66 ziklista irteeeran). Asteburu honetan Heiko Mateosek Urdainen eta Oñatin korrituko du, aurreko asteko osasun arazoei buelta eman eta lasterketa on batzuek egiteko asmoarekin.