Gipuzkoarren artean nabarmentzen ari da Ander Altuna

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko urr. 19a, 10:00
Argazkia: Alberto Vicente

Ziklo krosean lokatzik gabe, baina haizeak bazterrak harrotuz, bi lasterketa jokatu ziren pasa den asteburuan. Maila estreinatzen ari den Viveros San Antongo Ander Altuna bietan lehenengo gipuzkoarra izan zen.

Larunbatean, Euskal Herriko egutegiko lehen lasterketa jokatu zen. Urduñan estreinatu zen ziklo kros denboraldia, eta, bertan, junior mailan, 60 txirrindulariren artetik 8. sailkatu zen Altuna. Igandean, berriz, Burgosko Fresnon hartu zuen parte eta  9. sailkatu zen (29 parte hartzaile izan ziren). Ander Altunak erregulartasuna erakutsi du denboraldi hasiera honetan, nahiz eta oraindik ere sasoi betean ez izan; detaile politak erakusten ari da eta denboraldi on bat borobildu lezake bere junior mailako lehen urtean.

Heiko Mateosek, bere aldetik, kadete mailan, oraindik ere ez du eroriko, matxura… gabeko lasterketarik bukatu. Ziklo krosean gorabehera hauek normalak izaten dira eta arroarrak ederki probatu du. Urduñan 34. amaitu zuen eta Fresnon 19.  Heiko Mateos bigarren urteko kadetea da, eta iaz larri ibiltzen baldin bazen lasterketak amaitzeko, aurten garbi erakutsi du egoera hori gainditu duela. Lasterketan arazorik gabe 25 lehenengoetan ibiltzeko gaitasuna soberan duela erakutsi du, baina horretarako denak borobil irten behar du: zulaturik ez izan, matxurarik edo erorikorik ere ez...

Asteburu honetan ere bi ziklo kros lasterketan parte hartuko dute Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko bi ziklistek. Kasu honetan, biak Burgosko lurretan: Villarcayon eta Medina de Pomarren.