Enaitz Garai, onena denboraldiko azkenean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko abu. 1a, 12:05

Viveros San Antongo kadeteek amaitu dute denboraldia, nahiz eta irailean jubenilekin karreraren bat egiteko gonbitea izan. Hori horrela izanik, eta abuztuan Nafarroan lasterketaren bat lehiatzeko aukera izan, ofizialki kadeteen Gipuzkoako denboraldia bukatu da. Azken karrera aurreko igandean Azpeitian jokatu zuten, eta bertan Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kadeteek lan ona egin zuten, emaitza nahi bezalakoa ez izan arren.

Eguneko ihesaldian Viveros San Antonek bi ordezkari izan zituen: Enaitz Garai eta Ander Altuna. Lasterketa Etumetako igoeran erabaki zen eta hor gogotik sufritu zuten Garaik eta Altunak. Etumetako 25 minutuko igoera luzea da kadeteentzat; gainean lasterketa buruko hirukoarekin zen Altuna; pixka bat lehenago atzeratu zen Garai, baina bere erritmoari jarraituz, Altuna lehertu zenean, Garaik gainditu egin zuen taldekidea eta helmugan bederatzigarren sailkatu zen denboraldi hau Viveros San Antonekin osatu duen atxabaltarra. 

Enaitz Garaik lan ona egin zuen, eta baita Ander Altunak ere! Altunak Etumeta gaineko sasi ordekan ordaindu egin zuen aurrez gastatutakoa eta Azpeitiko helmugan 12. sailkatu zen. Aitor Agirrek, kontrol lan handia egin ostean aurrean ziren taldekideen alde, 20. helmugaratzea lortu zuen, eta berekin batera ailegatu zen Kimetz Etxabe. Gorputzaldi txar-txarrarekin, lasterketa egoskortasunez bukatu zuen debarrak. Ordekan behin eta berriz pelotoitik deskolgatu ondoren, azkenean gorputzaldia irauli eta oso txukun bukatu zuen, atzetik aurrera lasterketa ikusgarria eginez. Pena denboraldiko azken lasterketa ezin izan zutela amaitu Heiko Mateosek eta Aritz Eizagirrek. 

Lasterketa bat edo beste korrituko duten arren bigarren urteko kadeteek, maila honetako denboraldia amaitutzat eman daiteke eta benetan txalotzekoa izan da txirrindularien ekimena eta, ondorioz, lortu dituzten emaitzak. Gipuzkoako rankinean 18 lasterketetako emaitzak gogoan izanda Ander Altunak zazpigarren bukatu du, Kimetz Etxabek zortzigarren, Aitor Agirrek bederatzigarren, eta Enaitz Garaik 17. Laurak datorren denboraldian jubenilak izango dira; aldiz, kadetetan jarraituko dute beste denboraldi bat Heiko Mateosek eta Aritz Eizagirrek. 2019ko denboraldia borobila izan da!

Iruñerriko itzulia

Jubeniletan begiak Iruñerriko itzulian jarriak dituzte Mikel Mancisidorrek eta Antton Tolosak. Abuztuaren 6, 7, 8 eta 9an jokatuko da itzuli hau eta sei kideko 34 junior taldek parte hartuko dute. Estatuko talderik onenak bertan izango dira eta Ingalaterratik ere HMT talde ospetsua ere bai. Lau etapa oso gogor ezustekoz beteak, saihetseko haizearekin, esterratoarekin, malda gogorrekin… Denetik izango duen itzulia da eta bertan izango da Viveros San Anton. Zumaiako bi txirrindulariez gain, oraingoan elastiko hau Zarauzko Eizagirrek eta Uriartek jantziko dute, Buruntzazpiko Pozok eta Bolintxoko Larreak. Etorkizunerako asko balioko duen esperientzia izango da Iruñerrikoa.