Aitor Agirre zumaiarrak irabazi du Ordiziako saria

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko uzt. 26a, 11:09

Viveros San Anton–Zumaiako Txirrindulari Elkarteak esne mamitan segitzen du. Sasoiko eta pedal kolpe onarekin heldu dira txirrindulari kadeteak denboraldi amaierara, eta Aitor Agirrek ere lortu du besoak jasotzea.

Ordizian izan zen aurreko larunbatean, non Aitor Agirrek enmarkatzeko moduko lasterketa egin zuen. Viveros San Antongo txirrindularia eguneko ihesaldian sartu zen; ihesaldia lasterketa hasieran antolatu zen, eta amaieran alde polita lortu zuten Abaltzisketan pelotoiko izarrek aurrekoekin bat egin ez zezaten.  Baina iheskideak atzera utzi behar ziren eta Aitor Agirrek, behe behetik, Abaltzisketako igoeran erritmoa bizitu eta bakarrik aurrera egitea lortu zuen. Viveros San Antongo txirrindulariak bost iheskideak atzean utzi eta igoera eta jaitsiera osoak bakarrik egin zituen, erritmoari eutsiz eta une bakar batean ere lasterketa osoa ihesi zeramala ordaindu gabe. Indarrak ederki gobernatu zituen gazte zumarraiak, eta Ordiziako helmugan minutu eta hiru segundo atera zizkion bigarrenari, eta bi minutu eta 41 segundo onenen pelotoiari. 

Nabarmentzekoa da 2:45 aldearekin hasi zela igotzen eta 2:41 aldearekin ailegatu zela. Datu honek ederki adierazten du zer nolako Abaltzisketako igoera eta jaitsiera egin zituen Aitor Agirrek. Lasterketak 61 kilometro zituen, eta Abaltzisketako gaina helmugatik 11 kilometrora zegoen. Aitor Agirreren bataz besteko abiadura kontutan hartzekoa izan zen: 41,12 kilometro orduko.

Viveros San Antongo beste kideek ere oso lasterketa ona egin zuten: kontrol lana pelotoian eta lasterketa ahalik eta ondoren bukatu. Ander Altuna 26. sailkatu zen (4 minutura), Enaitz Garai 27., Kimetz Etxabe 30, 60. Heiko Mateos (6 minutu eta erdira) eta 71. Haritz Eizagirre ( 8 minutu eta erdira). Taldeka, berriz ere onena izan zen Viveros San Anton; 8 segundo atera zizkion Quesos Albenis talde nafarrari. 

Kadeteek igande honetan dute denboraldiko azken lasterketa, Azpeitian. Igande arratsaldean denboraldi eder bati amaiera emango diote. Azpeitiko karrera gogorrenetakoa da, bukaeran Etumeta igo behar baitute Aizarnatik txirrindulariek.

Azken hiru garaipenek indarrez betetako bultzada eman diete txirrindulariei gogoz eta ilusioz gainezka ailegatzeko azken karrera honetara.

Jubenilak Arantzazun

Jubenilek Arantzazuko igoera izan zuten larunbatean. Momentu ez egokian kateak irtenda lasterketako ohorezko postuak galdu arazi zizkion Antton Tolosari. Hala ere, bai berak eta baita Mikel Mancisidorrek ere karrera ona egin zuten, lan asko egin ere bai, aurpegia emanez eta zenbait unetan lasterketa ardura berengain hartuaz, nahiz eta bi kideko taldea izan, eta beste batzuek ordezkaritza handiagoa izan. Arantzazuko gainean Antton Tolosa 27.a izan zen eta Mikel Mancisidor 36.a

Santiago egunez, berriz, Euskadiko txapelketa jokatu zuten Busturian. Oso oso lasterketa gogorra izan zen eta horren erakusle, 136 txirrindulari abiatu eta 38k bakarrik bukatu zutela karrera. Antton Tolosak erorikoa izan zuen eta ezin lasterketan segi, nahiz eta ez duen ezer larririk. Beroarekin edo, ezinean, indarrak agituta Mikel Mancisidorrek ere ezin izan zuen bukatu.

Jubenilek jada abuztuaren 6tik 9ra korrituko duten Iruñerriko itzulian dute helburua jarrita.