Aitor Agirre 5. Euskadiko txapelketan, Garazi Bergara lehena Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko eka. 12a, 16:00

Euskadiko txapelketak jokatu zituzten kadeteek joan den igandean Irunen. Ibilbide gogor batean, biraka osatu zuten lasterketa bai lehen urtekoek eta baita bigarren urtekoek ere.

Lehen urtekoen artean Aritz Eizagirrek lanak egin zituen, ez zen hori Heiko Mateosen kasua izan; bigarren urtekoen lasterketan faboritoak elkar zaintzen ziren bitartean ihesaldia gorpuztu eta aurpegia eman zutenek saria jaso zuten. Zumaiarren artean, Ander Altuna ihes eginda ibili zen, eta gero ordaindu egin zuen; Aitor Agirrek, aldiz, pelotoiaren kontrolpetik ihes eginda bosgarren bukatu zuen. Pelotoiko lehen tokietan helmugaratu ziren Kimetz Etxabe 20. eta Enaitz Garai 24. Taldeka, Viveros San Anton garaipenaren atean gelditu zen, bigarren sailkatu baitzen.

Kadeteek asteburu gogorra dute, larunbatean bakarkako Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute sei kilometroko ibilbidean, Bergaran. Igandean, berriz, Oñatin iraupeneko Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute: 55 kilometro ditu ibilbideak, eta bi mendate. Udana lasterketa erdian dago, eta bukaeratik bi kilometro eta erdira Santipilau. Igoera laburra baina tente-tentea da, eta bertan erabaki daiteke txapelketa.

Jubenilek Seguran korritu zuten joan den igandean, eta Antton Tolosak bakarrik lortu zuen bukatzea. 85 txirrindularik hartu zuten parte, eta helmugara 53 heldu ziren. Oso ibilbide gogorra zuen probak, eta Tolosak, matxurak tarteko, 44. iristea lortu zuen, lasterketa burutik oso atzeratuta. Asteburu honetan Anoetan eta Eibarren dituzte lasterketak: nabarmentzekoa datorren asteko lau eguneko Gipuzkoako itzuliaren atariko, bi lasterketa egun luze eta gogor izango dituztela jubenilek.

Infantilek eta alebinek etxeko lasterketa jokatu zuten, denboraldiko azkenaurrekoa. Etxean zenez, urduritasuna eta ezinegona handia zen, baina karrera oso politak jokatu zituzten.

Alebinetan, Asier Aizpuruak bigarren amaitu zuen, baina lau sailkatu ziren lehenengo hamarren artean: Asier Aizpurua bigarren, Danel Beristain laugarren, Beñat Sainz zortzigarren eta Manex Beristain hamargarren. Zumaiako Txirrindulari elkarteak nabarmendu nahi du alebin guztiek bukatu zutela: 19. Iker Eizagirre, 21. Xabat Bergara, 25, Oñatz Etxabe, 26 Jurdan Regillaga (errepideko bere lehenengo lasterketa), 30. Peru Calvo, eta benetan txalogarria Hedoi Mateosen jarrera (lasterketa bukatu zuen asteartean esku batean ebakuntza txiki bat izan ondoren). Hiru neska alebinek ere lasterketa bukatu zuten: Ihintza Gartziarenak, Haizea Aldazabalek, eta Araitz Gartziarenak. Ederra izan zen 41 parte hartzaileen artean 13 Viveros San Antongo kideak ikustea, harrobiarekin lanean ari direnen emaitzak argitara emateko.

Infantiletan denboraldiko lasterketarik politena egin zuen Anuk Gojenolak; behin eta berriz saiatu zen lasterketa hausten, etxeko sinadura eman nahi izan zion laserketako aktari. Azkenean ohorezko zortzigarren postu batekin amaitu zituen lanak, Yuri Urbieta ere bikain  iritsi zen 15, Garazi Bergararekin batera. Zuhaitz Valero 24. postuan sailkatu zen. 33 izan ziren parte hartzaileak, eta bromarik gabeko lasterketa gogorra izan zen infantilena ere. Nesketan, beste behin Garazi Bergara nagusitu zen. Datorren denboraldian Limousin-Murias taldeko kide izango da zumaiarra, kadete mailako Gipuzkoako talderik onenean onartu dute bere ibilbidean beste urrats bat eman dezan; izan ere, etorkizuna ikusten zaio Bergara gazteari. Horren aurretik, aurtengo eginbeharrei amaiera eman behar: larunbatean dute alebinek eta infantilek denboraldiko azken lasterketa, Lezon izango da agurra.