Viveros San Anton garaile Eibarren, eta Danel Beristain estreinatu da

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko mai. 24a, 11:22

Lana emaitzak ematen ari da, nahiz eta gazteentzat, azterketak direla eta, garai ona ez izan. Kadeteek maila oso onean jarraitzen dute lehiatzen eta Eibarren Euskal Herri osoko taldeen artean onena izan zen Viveros San Anton.

19 talderen artetik lehenak, eta hori sasoiko dagoen Aitor Agirrek erorikoa izan zuela; min hartuta, ezin izan zuen amaitu. Eibarren eguraldi negutiarra izan zuten txirrindulariek eta ibilbidea orain arteko luzeena: 68 kilometro. Hala ere, bizi-bizi ibili ziren eta 40ko abiaduran, pelotoi handia heldu zen Eibarko helmugara. Bertan, Ander Altuna bigarren sailkatu zen, Kimetz Etxabe 12., Enaitz Garai 17. eta Roman Zabaleta 58. Lehen urteko Heiko Mateos eta Aritz Eizagirre ez ziren erritmoa eta distantzia asimilatzeko gauza izan. Ander Altunaren podium hau Viveros San Antonek lortzen duen laugarrena da, eta laurak ziklista ezberdinekin. Ekainaren 1ean etxeko lasterketa da eta bertarako prestatzen ari dira orain, ondoren txapelketak baitatoz bata bestearen atzetik.

Juniorrek bi lasterketa izan dituzte: larunbatean, Zumaian, Antton Tolosa eguneko ihesaldian sartu zen, baina Garateko maldak gehiegi izan ziren beretzat; amaieran 14. ailegatu zen helmugara eta Mikel Mancisidor 19. Igandean, Elgoibarren, biek lan ona egin zuten. Mancisidor bakar bakarrik ibili zen ihes eginda; Lasturko igoeran harrapatu zuten. Helmugan Antton Tolosa 18. sailkatu zen eta Mikel Mancisidor 25. Ekaina hilabete gogorra izango da jubenilentzat, Gipuzkoako itzulian (lau etapa) parte hartuko baitute. Helburu hori ari dira prestatzen ikasketek baimentzen dieten neurrian.

Alebinetan, Danel Beristainek denboraldiko lehen garaipena lortu du. Urte hasiera gogorra izan du osasun aldetik, eta orain erabat osatu eta pedal kolpea hartu duenean podiumetik ez da jaitsi ere egiten. Asier Aizpuruak hortxe segitzen du, beti aurrean: bigarren sailkatu zen Irunen eta, puntaren puntan, Paul Beristain ere, 4. Sailkatuz; ederki luzitu zuten Viveros San Antongo maillota alebin zumaiarrek. Infantilek ere, emaitza nahi bezalakoa izan ez arren, lan bikaina egin zuten eta borrokatu karrera buruan metro bakoitza.

Garazi Bergara, Anuk Gojenola eta Yuri Urbieta larunbat honetan Muskizen izango dira Gipuzkoa ordezkatuz Euskadiko Txapelketan.