Aitor Agirre maila onean Gaztetxoak torneoan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko mai. 3a, 11:28

Aitor Agirre kadete zumaiarra bosgarren sailkatu zen Gaztetxoak torneoan. Euskal Herriko kadete guztiak elkartuta leihatzen dute torneo hau. Arrespalditzan jokatu zen lasterketa aurreko larunbat arratsaldean, eta ibilbide bihurri eta amaiera gogorreko karreran onenekin leihatzeko ahalmena izan zuen Viveros San Antongo ziklistak.

Ander altuna 17. eta Enaitz Garai 34. Roman Zabaletak ezin izan zuen lasterketa bukatu. 139 ziklista izan ziren irteeran, eta 75k bakarrik bukatu zuten. Emaitza hauekin taldekako sailkapenean bigarren izan zen Viveros San Anton, eta sailkapen nagusian liderra da Murelaga talde nafarrarekin batera. Puntuak jaso dituzten taldeen artean gipuzkoar bakarra da viveros San Anton (Gipuzkoako beste inork ez du punturik taldekako sailkapenean). Bi lasterketa besterik ez da falta torneoa bukatzeko. Bigarren urteko kadeteen aurretik lehen urtekoetan 95 txirrindulari elkartu ziren eta helmugara 72 heldu. Viveros San Antongo biek lortu zuten bukatzea: Aritz Eizagirre 40. sailkatu zen eta Heiko Mateos 54. Kadeteek igandean Gasteizen dute Gaztetxoak torneoko lasterketa.

Jubenilek aurreko larunbatean Euskal Herria torneoko karrera izan zuten Amurrion, eta bertan Antton Tolosa 54. sailkatu zen; maiatzaren 1ean, berriz, Seguran 20. sailkatu zen. Mikel Mancisidorrek ez zuen ez bat eta ez bestea bukatzerik izan. Asteburu hau benetan gogorra datorkie juniorrei: larunbatean Lazkaon dute karrera, bukaera Lazkaomendin izango delarik, eta igandean, berriz, nazioarteko mailako Klasika. Gipuzkoako jubenil mailako klasika jokatuko da Egia auzoan, Donostian. Karrera honetan estatu espainiarreko onenek parte hartzen dute, eta aurten, gainera, Frantziar estatutik oso ordezkaritza garrantzitsua dator. Hortxe leihatuko dira gure txirrindulariak. Gainera, lasterketa honetarako Viveros San Antongo elastikoarekin taldea osatuz Zarauzko Uriarte eta Eizagirre eta Bazpiko Romero eta Pozo ere leihatuko dira.

Alebin eta Infantilek larunbatean Irunen taldekako erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketa dute. Ondo prestatu dira, baina asteazkenean infantilek istripu bat izan zuten, eta batzuen asmo onak asmo hutsean gelditu beharko dute. Garazi Bergarak, berriz, Andoainen korritu zuen beste garaipen bat pilatuz.