Viveros San Anton talderik onena izan da Atarrabian

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko api. 18a, 09:47

Kadete mailako Gaztetxoak torneoko lider da Viveros San Anton Atarrabian jokatutako lasterketa taldeka irabazi ondoren. Gaztetxoak torneoan Euskal Herri osoko kadeteak batzen dira, beraz, garaipen oso garrantzitsua da.

Aitor Agirre zumaiarrak gainera mendiko saria ere lortu zuen. Uzta ona bildu zuen Viveros San Antonek Atarrabian.  Bigarren urteko kadeteek lortu zuten garaipena, eta Viveros san Antongo ziklistek postu onak lortu zituzten: Kimetz Etxabe 9, Ander Altuna 16, Enaitz Garai 18 eta Aitor Agirre 38. Irteeran 113 ziklista elkartu ziren, baina helmugara 89 bakarrik heldu ziren. Karrera bizia izan zen, ibilbideko 53 kilometroak 39,2 km/orduko abiadan egin baitzituzten. Lasterketak bukaera bihurria izan zuen, biribilgune eta bidegurutzez betea, hor izandako gorabeherek zaildu egin zuten poztu hobeak lortzea. Enaitz Garaik, gainera, katearekin ere arazoak izan zituen, beraz, taldeka gailenduta eta mendia (Aitor  Agirre) lortuta denak pozik.

Bigarren urtekoen aurretik lehen urtekoen lasterketa jokatu zen, eta, bertan, Heiko Mateos eta Aritz Eizagirre lasterketa osatzeko gai izan ziren; ez zuten gaitasun hori izan partehartzaile guztiek, 98 abiatu eta 85 ailegatu baitziren. Heiko Mateos 58. sailkatu zen eta Aritz Eizagirre 59; hauek ere pedalei gogotik eman zieten 39,2 km orduko abiaduran osatu baitzuten 48 kilometroko ibilbidea.

Hilaren 27an izango dute Gaztetxoak torneoko bigarren proba, Arrespalditzan. Ordurako Kimetz Etxabek bukatuta izango du pistako denboraldia. Aste santu honetan Tafallan lehiatuko da euskal selekzioarekin Espainiako txapelketetan. Kadeteak ari dira pedal kolpe ona hartzez, aurreko astean ere Ataunen eta Zestoan oso lasterketa onak osatu zituzten. Enaitz Garai ezustekoa emateko zorian izan zen Zestoan, Kimetz Etxabek abiaduraz gain igotzeko zangoak badituela erakutsi zuen, Ander Altuna berekin beti kontatu behar dela erakutsi zuen eta Aitor Agirrek mailako rodadore onenaren pare dabil. Lehen urtekoek ere hartu dute lasterketak bukatzeko dinamika, baita konfidantza ere; Heiko Mateosek erakutsi du taldekideentzat lana egiteko ardura ere har dezakeela eta Aritz Eizagirrek lasterketak bukatzeko arazorik ez duela sinistu du.

Aizpurua eta Bergara beti bezain fin

Junior mailan, lasterketak gogortzen hasi dira. Aurki Gipuzkoako klasika jokatuko da, eta aurretik Euskalerria torneoko bigarren proba ere bai, beraz, horrek guztiak eragina du pelotoian. Antton Tolosa 14. sailkatu zen Deban eta Zegaman 22.; eguneko ihesaldian sartu eta azken mendatean (Barbaris) amore eman zuen. Mikel Mancisidorrek, berriz, ez zuen egun ona izan Deban eta Zegaman zulatu batek jokoz kanpo utzi zuen. Aste Santuan Durangon maila nazionaleko klasika baten parte hartuko dute eta igandean Euskalerria torneoko karreran Agurainen, non lehen mailako Opakuak epaia emango duen. Antton Tolosan aste honetan Gipuzkoako selekzioarekin Frantzian korritzeko aurreselekzioan egon da.

Kimu eta infantiletan denboraldiak “aspergarri” jarraitzen du, Asier Aizpuruak eta Garazi Bergarak ez baitute aukerarik ematen gainerakoei; dena irabazten ari dira Viveros San Antongo harri bitxiak. Garazi Bergarak, gainera, larunbatean Aizarnazabalen proba irabazi zuen, eta igandean Seguran Gipuzkoako neskekin bere indarrak neurtzeko aukera izan zuen garaipena lortuz. Hau azterketa polita izan zen Gipuzkoako txapelketari begira. Alebinetan Haizea Gabarain, Ihintza Gartziategi eta Araitz Gabarain ere oso ondo defendatu ziren Gipuzkoako beste nesken artean.

Aizarnazabalen ibilbidea laburra eta gogorra da. Alebinetan, Asier Aizpuruaren garaipenaz gain, Manex Beristainen karrera nabarmendu behar da. Beristain podiumera igo zen hirugarrren postuan eta  lan ona egin zuen. Xabat Bergara 8. sailkatu zen, Beñat Sainz 13. eta Iker Eizagirre 20. Nesketan Ihintza Gartziarena bosgarren izan zen eta Araitz Gabarain seigarren. Infantilen lasterketa izugarri gogorra izan zen eta sei mutilek bakarrik bukatu zuten.