Zaharrak berri: Garazi Bergara eta Asier Aizpurua garaile

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko mar. 21a, 10:33

Errenterian gertatu bezala, Hernanin ere garaile izan ziren Garazi Bergara eta Asier Aizpurua. Bigarren lasterketan ere azkarrenak izan ziren Bergara eta Aizpurua, eta alebin mutiletan maila ona eman zuten Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide guztiek. Larunbat honetan alebinek eta infantilek Zarautzen dute hitzordua.

Kadete mailan Azpeitian lehiatutako lasterketan Viveros San Antongo mailota asko ikusi zen. Kimetz Etxabe eguneko ihesaldian sartu zen, baina atzera gelditu zen ezin jarraiturik. Kimetz Etxabe zortzigarren, Ander Altuna hamaikagarren Eta Enaitz Garai hamabigarren sailkatu ziren. Lehenengo multzo horretan ere sartu zen Aitor Agirre: txirrindulari zumaiarra izan zen iheseko ahalegin gehien egin zituena, behin eta berriz saiatu zen, baina bere saiakerak ustelak izan ziren. Lasterketa oso oso azkarra izan zen, eta eguraldi baldintzak oso txarrak: horrek eragin zuen 113 txirrindulari abiatu eta 44k bakarrik amaitzea (Aritz Eizagirrek eta Heiko Mateosek ez zuten amaitu). Larunbatean Deban dute lasterketa kadeteek, eta nabarmentzekoa da Viveros San Antongo Kimetz Etxabe bertakoa dela. Txirrindulari debarra, gainera, datorren astean pistako Euskal selekzioarekin Valentziara joango da Madisoneko Espainiako txapelketan parte hartzera.

Jubenilek aurreko asteburuan ez zuten lehiatu, eta honetan, larunbatean bertan, Euskalerria torneoko lehen karrera izango dute. Hitzordua Monteagudon izango da larunbat goizean, eta ibilbidea erabat ezezaguna bai Antton Tolosa eta baita Mikel Mancisidorrentzat ere. Euskalerria torneoko lasterketa denez, Euskalerri osoko ziklistak leihatuko dira bertan, eta parte hartze handia espero dute.